
- Iparraldera bidaia /
- 2026ko ekainak 3 eta 4 /
- 55 lagun / KRONIKA:
– Gidor Bilbaoren kronika
Hendaiako Abadia Jauregiaren atean ikusi dugu, harrian zizelkaturik: “ez ikusi, ez ikasi”. Guk, bistan da, ikusi eta ikasi nahi dugu Goienagusik antolaturiko jardueretan, eta elkarrekin gozatu, eta oraingoan ere bikain lortu dugu helburua.
Egun biko txangoa egin du Goienagusik Lapurdi-Baxenafarroako lurretatik (ekainaren 3an eta 4an, eguaztenean joan eta eguenean etorri), eta bidaia luzetik datorrenaren ilusioarekin itzuli gara 54 debagoiendar nagusiak, leku ederrak ikusi eta hango (gure!) historia apur bat ikasita.
Abadia Jauregiaren atean, hango gidak Niloko krokodiloak seinalatu dituenean, txantxikuak ere ikusi ditugu guk. Benetan merezi izan du Anton Abadiaren eta Virginieren etxea barrutik ere ezagutzea: behatoki astronomikoa, biblioteka, Virginieren gela, gonbidatuen gelak, musika-gela, kapera, Etiopiako ohiturak erakusten dituzten margolanak, eskailera kiribila… zenbat kolore! Eta euskarazko zuhur-hitzak beti, gaelikoaren, latinaren edo Etiopiako hizkuntzen ondoan. Izan ere, Anton Abadiak ez zuen sekula ahaztu jatorria Zuberoako Ürrüstoin zuela, eta, “Zazpiak bat” goiburuarekin antolatu eta babestu zituen Euskal Besta edo Lore-jokoak, 1851tik 1897ra, Euskal Herri osoan.
Hendaiako eliza, udaletxea… eta merkatua. Baten batek oraindik gogoan dauka hango baserritarrari erosiriko marrubiaren zaporea. Gero, Txingudi badiaren ertzetik iritsi ginen, oinez, hondartza ondoan bazkaltzera. Bazkalondoan, berriro autobusera, itsasbazterreko erlaitzetik Sokoara iristeko eta han ontzitxoa hartzeko, Donibane Lohizunera. Eskola-ume txintxoak bezala, txanoak eta biserak jantzita zeharkatu genuen badia, Sokoako Gotorlekutik Donibane Lohizuneko portura, udaberriko lehenengo izozki-kukurutxoa dastatzeko.
Arratsaldeko bero-galdatan, eskola ibiltaria Baionan: Errobi eta Aturri ibaiak, K.o. IV. mendeko Lapurdum, XII-XIV. mendeetako Baiona Katedralaren eta Gaztelu Zaharraren inguruan, XV. mendeko zabalkundea Gaztelu Berriaren inguruan –gaurko Baiona Ttipian–, XVII. mendeko Vaubanen zitadela Aturri ibaiaren eskuinaldeko mendi-gainean, XIX. mendeko Herriko Etxea, San Izpirituko plaza eta 1781eko panperrukaren margolanean agertzen diren etxeak, Euskal Museoaren historia, Baiona Zubiko zigor-kaiola eta Oihenarten xikito-perrakak… A ze marka! Baionan izan eta ez denda batera sartu ez ardo bat dastatu!
Hotelean, kantu-afari ederra Baiona Kantuzeko lagunekin. Ez dugu asko behar pozik egoteko eta elkarrekin gozatzeko!
Eguen goizean, bisita espresa egin genuen Bonnat Museoan. Lehenengo hurbilketa baino ez, hurrengo batean Euskal Herriko arte-museorik aberatsenetako batera berriz patxada handiagoz etortzeko.
Eta Lapurditik Baxenafarroara. Autobusak Bastida Arberoako portu izandakoan utzi gintuen. Portuan, itsasotik berrogeita hamar kilometro ingurura. Izan ere, Nafarroako Luis I.ak emaniko foruarekin sortu zen Bastida, 1312an, Nafarroako erresumarentzat itsasorako bidea zabaltzeko, Aran ibaitik Aturrira jaitsiz, eta Aturritik behera Baionara. Gaur ere zutik mantentzen dituzte aspaldiko eraikin ederrak: plaza inguruko etxe zuri-gorri eta zuri-berdeak, XVI. mendeko trinketa, Nafarroako Estatu Nagusien bilkura-toki izaniko elizpea, ate biko eliza (alboko ate txikia agoteentzat), 1492an Espainiatik eta 1496an Portugaletik kanporaturiko judu-familien hilerria… Kale-izenek, frantsesez, euskaraz eta gaskoiz, gogorarazten digute xarnegu herrian gaudela, eta mendez mende bizi izan direla elkarrekin euskaldunak eta gaskoiak; eta kultur-etxearen izenak gogorarazten digu Bastidan jaio zela 1566an Inexa Gaxen, 14 urterekin, sorgin zelakoan, salatua, giltzaperatua eta epaitua Bordelen eta Logroñon, Eñaut Elorrieta eta Uxue Alberdiren kantuaren protagonista, eta 2024ko pastoralaren “süjeta”. Makarroiak eta txokolatea erosi behar izan ditugu historia mikatza gozatzeko.
Bazkalondoan Villa Arnaga bisitatu genuen, Kanbon, berriro Lapurdin. 1903-1906an eraiki zuten Edmond Rostand idazle frantsesak eta Rosemonde Gérard emazte orobat idazleak. Ur onen herrian eginarazi zuten, orduko turismo termalarentzat ezaguna baitzen Kanbo. Euskal estiloko fatxada ikusgarria dauka, baina barruan Frantziako edozein jauregiren antzekoa da, batere euskal aztarnarik gabe. Sartzearekin bat ezagutu genuen 2018an “Gatazkaren konponbidea aitzinatzeko Nazioarteko Topaketa” egin zen aretoa. Etxe barrua ikustekoa iruditu zitzaigun, baina beste horrenbeste etxe-aurreko versaillestar itxurako lorategia, edo etxe osteko eta lursailaren kanpoko eraztuneko ingeles itxurako lorategi-basoa.
Handik Ezpeletarako bidea hartu genuen, poltsikoak suelto, azken oroigarriak erosteko gogoarekin: gazta, txokolatea piperrarekin… eta Debagoieneko ortuetarako Ezpeletako piper-landareak.
Autobusean, etxerako bidean, Goienagusiko antolatzaileen azken sorpresak. Baga: opari gisa, bina ontzitxo, batean Ezpeletako piper gorri birrindua, eta bestean gatza piper gorriarekin nahastua… eta horiek erabiliz kozinatzeko oharrak. Biga: Baiona Kantuzekoen kantu-liburuen eta lepoko zapiaren zozketa; liburuxkak Aretxabaletara eta Arrasatera tokatu ziren, eta zapia bergarar baten lepoan dago.
Biharamunean, whatsapp taldean, argazki-zaparrada eta esker-ona agertzen duten mezuak antolatzaileentzat. Beti bezala, talde-lanean antolatu da bidaia, baina kasu honetan ezinbestekoa da Mikel Tatiegiren izena aipatzea, bidaia honen antolaketan izan duen ilusioagatik eta egin duen ahaleginagatik.
ARGAZKIAK








