Donostiara txangoa bata (amantala) janzteko

Nork esango zuen, Donostiara joan eta umeei moduan bata jantzi eragin behar zigutela eskolan zehar ibiltzeko. Horregatio!

Berrogeita hamabost pertsona abiatu ginen Donostiara otsailaren 24.ean. Txangoaren plana zen Aiete bisitatu, handik Orona Ideo ikusi eta ondoren Basque Culinary Center. Eta egiari zor, egun ederra igaro genuen, proiektu zoragarriak barrutik ikusiaz. Eguraldi lainotua eta bustia baina, guk behar izan genuenean, atertu egin zuena.

Atzean Aieteko Jauregia

Aiete-n egoitza duen “Helduen Hitza” elkarteko Espe eta Juan Inazio senar emazteak gidaturik ikusi genituen inguruak. XIX. gizaldian eraikia, hainbat aldiz erregeen egoitza eta 36ko gerra ostean udalak erosi eta Franco-ri udako egoitza gisa eskainia izan zena. Gaur egun udalak bereganatu du Bakearen inguru modura erabiliaz. Bertako zalditegian, orain kafetegia eta zenbait gizarte ekimenen egoitzan, kafesne ederra hartu ondoren egin genuen bertako belardietatik ibilaldia, jardin ederra Donostia gailurrean.

Aurreko hitzaldian Iturraldek aipatu zuen “Gurugu” etxea ere bertatik ikusi genuen. Tangerren gerran baino hobeto biziko zen bertan, izen hori etxeari jarri zion jabea!

Orona Ideo-ra sartzen

Orona Ideo-ra egin genuen jauzia, Barrutieta arkitektoak bere hitzaldian aurkeztu zigun proiektua zela gauzatu den ikustera. Zoragarria sarrera, eraikin biribil horren azpitik pasatzean ginela, gure irudiak islatzen ziren kristalezko geruza inguratzailean. Energia sortzeko plakak, biomasa berogailua, orientazioa ondo zainduta, estetikoa, sarrera eder eta modernoa.

Enpresa bat baino gehiago, ekosistema osoa da bertan garatu dena. Orona igogailu enpresak, Ikerlan ikerketa zentroaren egoitza batek eta Mondragon Unibertsitateko kanpusak osatzen dutena.

Enpresaren azalpena egin zigun Pablo Garziandia bertako komunikazio Fundazioako buru eta Komunikazio arduradunak ete bere lantaldeko ……………………………. 800 milioi€ inguru fakturatzen ditu, 5.400 profesionalei lana emanik, gehienak eredu kooperatibora erakartzen saiatuaz. Filosofia argia, Fundazioaren ekintzekin biribildua. Europako bostgarren firma izanik tamainan, munduko handienak beraiek baino 10 bider handiagoak direlarik, abantaila konpetitibo moduan esan zuten beraiek ekoizpen osoa egiten dutela eta krisi garaian oso garrantzitsua dela kostuen kontrolerako;  guztia kooperatiba izaerak ematen dieten indarrarekin.

Amaitzeko, bideo-diaporama dinamiko eta modernoa ikusi genuen eta energia aurrezteko daukaten proiektuaren berri eman ziguten, Arrasateko Ikerlanen kontatu zigutenaren osagarri. Guztia biribiltzeko eraikinaren bisita gauzatu genuen.

Hortik Basque Culinary Center-era joan ginen, zuzenean bazkaltzera. Bertan ikasten duten lehen mailako ikasleak gertatu eta zerbitzutako menu ederra janaz eta ondo bustiaz artatu gintuzten.

Bazkaria, giro ederrean

Ondoren, eraikuntza ikusi behar genuenean guztioi bata jantzi eragin ziguten, asepsiaren bila. Alex Beitia aramaioarrak, ikasketa burua denak eta ……………………..erakutsi zizkiguten fakultadeko tripak eta ikasketa sistema azaldu. Mundu osoan dagoen gastronomia fakultate bakarrenetarikoa izanik, laurehun ikasle graduetan eta beste pila masterretan hezitzen dituen zentroa ikusteko aukera izan genuen haietan Han zebiltzan ikasleak, taldeka lanean, instalazio eder haietan; behar bada jakinean egongo dira ikasketak bukatuaz gero lana seguru dutela, graduatuen enplegu tasa %95 baino altuagoa duen fakultatea baita. Azpiko jardinetara jaitsi eta eraikinaren estetikaz gozaturik taldeka fotografia eginaz amaitzeko. Bata erantsi eta birziklatzeko utzita.

Juan Inazio fotografo moduan ere erabili genuen, berea izan zen talde osoaren amaierako fotografia, gida izatea ez nahikoa eta gainera fotografo.