Eguzki-galgatan, Ulizarreko tontorrerantz

  • GOIENAGUSI. 2026.05.28, osteguna
  • Mendi itzulia: Berastegi – Ulizar (868 m.)
  • 60 mendizale

Eguzki-galgatan, Ulizarreko tontorrerantz beroa izan zen Ulizar mendirako bidaiaren protagonista nagusia. Antolatzaile eta partaideok kezkatuta abiatu ginen bidean gora, sargoriaren beldurrez. Baina usteak ustel izaten dira, beste behin ere: bideak eta aukerak zabaldu zizkigun mendiak, eta indarrak baturik, asko izan ginen Ulizarreko tontor garaira heldu ginenak.

Hura gozatua eta begien ninietarako oparia! Aurrez aurre, Aralar agertu zitzaigun bere alderik malkartsuen eta basatienarekin; Araitz bailara sakona, Duraon, Hirumugarrieta eta Balerdi bezalako mendi erraldoiekin. Bestaldean, Leitzako gandor dotoreak eta, urrunago, zeru-marra joz, Aizkorri eta Gipuzkoako barne-lurrak.

Ulizarreko gainean, apaiza pulpitutik mintzo den gisan, Gidor jakintsuak sorginen istorioak eta Inkisizioaren itzalak ekarri zituen gogora, aresoarren bizipen beldurgarri bezain zirraragarriak airean esekiz.

Itzuleran, batzuek itzalaren babesa bilatuz eta besteek, ausartago, gailurrez gailur eguzki-galgaren argitan ibilita, bazkari eder baten epelean eman genion amaiera egunari. Euskaltzaleon arimak gozatu ederra hartu zuen Gidorren eskutik, Jaka Kortajarena apaizaren ipuin eta ikaspenekin; Berastegi eta Legutio —Euskal Herriko bi txoko, bi mutur— lotu genituen berriro ere, hitzez, txistuaren doinuez eta erleen eztiaz.

Hurrengoa, iparra galdu gabe, Lapurdiko Xoldokogainen elkar ikusiko dugu, osasuna lagun.

ARGAZKIAK