
‘Lezetxiki, Neardentalen lurraldea’ erakusketa ikusgai dago Arrasateko Kulturaten
2021eko abenduaren 17an zabaldu zen Kulturaten ‘Lezetxiki, Neandertalen lurraldea’ erakusketa. Gordailuak antolatutako erakusketa da, Arrasateko Udalaren, Arrasat Zientzia Elkartearen eta Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin. Erakusketan, ikusgai daude Gordailuko 60 pieza; horien artean, besteak beste, hartzen garezur osoak, makako baten baraila, Neanderthalek egindako harrizko tresnak eta haiek erabilitako maskorrak, horietako batzuk Mediterraneokoak.
Orain, erakusketaren arrakasta medio, bisita gidatuak, hitzaldi ezberdinak eta erakustaldiak antolatu dira herritarrentzako. Hain zuzen, Goienagusik ere parte hartuko du bisita gidatu horietan, 20 laguneko bi taldetan banatuta, martxoaren 10ean, gazteleraz, eta martxoaren 17an, euskaraz.
Neandertalak Euskal Herrian
Neandertalak 100.000 urtez baino gehiagoz bizi izan ziren Euskal Herrian, eta era guztietako klimak ezagutu zituzten, bai gaur egungoen antzekoak (epelak eta hezeak), eta bai askoz estadialagoak (hotzak eta lehorrak). Horren ondorioz, haitzuloak ez ezik (Lezetxiki, esaterako), harpe harritsuak (Axlor) eta aire zabaleko kanpalekuak (Mugarduia iparraldea) ere erabili zituzten. Lehenengoek askoz informazio gehiago ematen digute neandertalei buruz, batetik, harpeetan eta kanpamentuetan aztarna arkeologikoak okerrago kontserbatzen direlako eta, bestetik, horietan zailagoa delako era horretako aztarnak aurkitzea.
Gainera, Kantauriar isurialdeko altitude baxuko tokiak erabiltzeaz gain, mediterranear isurialdean ere ibili ziren, besteak beste, Urbasan (900 m) eta Trebiñun (700-800 m), silex azaleratzeak ustiatzeko. Toki horietako batzuk silex tailerrak izan ziren (Murba).