B. BILBAO, K. Pz. URRAZA eta G. EZKURDIA: Emakume Abertzaleak XX. mende hasieran

  • 2024-ko URTARRILAK 22, astelehena
  • 10:00
  • Kulturate – ARRASATE

HITZALDIAREN LABURPENA

2022ko maiatzaren 7an bete da Emakume Abertzale Batza (EAB) sortu zenaren ehungarren urteurrena. XX. mende hasieretan Europa eta Ipar-Ameriketako emakumeak hasiak ziren boto ematearen aldeko aldarrikapenetan, eta gizartean, gizon eta emakumeen arteko parekotasuna eskatzen. Euskal Herrian mugimendu desberdinak egon baziren ere, emakume mobilizatu kopuruetan, eta euskararen munduari ekarpenik handiena egin ziona Emakume Abertzaleena izan zen.

Mugimendu horren ekarpenak eta ibilbidea jaso eta azaltzeko bildu ditugu: zeintzuk izan ziren aurrekariak, 1906an emakumeak aldizkarietan idazten hasi baiziren -Garbiñe, Mirentxu, Arritokieta, Kataliñ edo Libe ezizenez sinatzen zutenak; segidan, 1908an Euzko Jantzitegia eratu zuten, alegia, ongintzarako antolatutako taldea, emakume abertzaleen lehen eraketa izan zena. Geroago, 1921ean Afrikara bidalitako soldaduen eta euren senideen ardura hartu zuten. Azkenik, emakumeok euren asmoa 1922an burutu zuten, zeren maiatzaren 7an biltzeko deia egin eta bertan eratu baitzen Emakume Abertzale Batza. Bileran programa-ildoa onartzeaz gain, Zuzendaritza ere izendatu zuten. Bete beharreko helburuen artean, lau ardatz markatu zituzten: Propaganda, Ongintza, Hezkuntza eta Giza-langintza. Euskara, bestalde, hasieratik beretik izan zuten argi, barneratuta zeukaten-eta hizkuntza izango zela ardatz aberrigintzan.

Nahiz eta sortu bezain laster, Primo de Riveraren diktadurak beraren iraupena moztu, Errepublika garaian berrantolaturik EABk unerik garrantzitsuenak eta garapenik handiena ezagutu zuen. Emakumea eta abertzalea, ikur-berbak baino areago, ekintza anitzen erakusle eta erakunde-eredu arrakastatsu baten adierazle bihurtu ziren, hain zuzen ere, beste erakunde eta giza mugimendu askorekin gertatu zen antzera, harik eta 1936ko altxamenduak beraren lana moztu zuen arte. Edonola ere, ordurako baziren 28.000 kide. Gure lanetan batzuen biografiak eta ekarpen pertsonalak ere jaso eta berreskuratu ditugu: Karmele Errazti, Teresa Azkue, Concha Azaola… eta beste hainbesteren bizitza zertzeladak ere landu ditugu. Altzamenduaren ondorengo garai gorriei aurre egin zieten erbestean, erresistentzian, zaintzetan… gogor, sendo eta tinko. Izan zirelako gara.

Arrasaten ere emakume abertzaleak antolatu eta lanean jardun izan zuten. Horiei ere gure omenaldia eta esker onak adierazi nahi diegu.

HIZLARIAK

  • Begoña Bilbao Bilbao, Pedagoga eta Pedagogian Doktorea, UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasle eta ikerlaria.
  • Karmele Perez Urraza Pedagoga eta Pedagogian Doktorea, UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasle eta ikerlaria.
  • Gurutze Ezkurdia Arteaga Historialaria eta Pedagogian Doktorea, UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasle eta ikerlaria.

Ikerguneen artean Emakume abertzaleei buruzko hainbat liburu eta artikulu dituzte. Azkena: ‘Emakumeak aberria eginez: EAB 100 urte’

Detalles del evento