ELISABETE ALBERDI: ‘Biología eta medikuntzako zenbait aplikazio matematiko’

  • 2023, Azaroak 29, eguaztena
  • 10:00
  • Santa Ana Antzokia – OÑATI

Laburpena:

Sistema edo gertakari bat deskribatzeko ohikoa da eredu matematikoak erabiltzea. Kasu horietan garrantzitsua da sisteman eragiten duten aldagaiak identifikatzea.

Hitzaldi honetan, alde batetik, populazio-bakarreko espezieen dinamika modelatzen duten hainbat eredu matematiko aztertuko dira. Espezie batek baino gehiagok parte hartzen duten ereduak ere ikusiko ditugu, eta bata bestearen arteko elkarreragina aztertuko dugu.

Beste alde batetik, gliomen eredu matematikoa ere ikusiko dugu. Gliomak erraz zabaltzen diren buruko tumoreak dira. Haien eredu matematikoa erreakzio-difusio ekuazioaren bidez adierazten da. Horren arabera, tumore-zelulen dentsitatearen aldaketa tumore-zelulen hedapenaren eta zelula horien gehikuntzaren batura da. Eredu matematikoa erabiliko dugu gliomaren dinamikari buruzko informazioa izateko eta tumore horiei aurre egiteko erabilitako tratamenduen emaitza ulertzeko.

Elisabete Alberdi Zelaia

Elisabete Alberdi Zelaia (Markina-Xemein, Bizkaia,1975eko urtarrilaren 5a). Markina-Xemeinen jaio nintzen eta bertan bizi naiz. 25 urte daramatzat matematikak irakasten. Eta matematikak eta matematiketatik ikasten 40 urte inguru.

2011tik Euskal Herriko Unibertsitatean dihardut lanean. Matematikaria (Matematikan lizentziaduna eta doktorea UPV/EHUn), irakaslea eta ikertzailea naiz Bilboko Ingeniaritza Eskolan Matematika Aplikatua sailean.Matematika saileko arduraduna naiz Udako Euskal Unibertsitatean (UEUn) 2012tik, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuko zuzendaria 2021eko azarotik.

Aurretik Lea Artibai ikastetxean jardun nuen lanean 1998-2011 epealdian. Lea Artibai ikastetxea Markina-Xemeinen kokatuta dagoen Hezkuntza kooperatiba da, Mondragon taldekoa. Bertan irakasle, kontseilu-sozialeko kide, artezkaritza-kontseiluko kide eta zuzendaritza taldeko kide izan nintzen.

Doktorego tesia zenbakizko metodoei buruz egin nuen, Juan Jose Anzaren zuzendaritzapean: Ekuazio diferentzialzurrunetarako zenbakizko metodoak. (Métodos numéricos para ecuaciones diferenciales rígidas. Aplicación a la semidiscretización del método de elementos finitos).

Matematikaren barruan diharduen MATHMODE ikerketa-taldeko kidea naiz, non eredu matematiko aplikatuak, estatiska eta optimizazioa lantzen baititugu (Applied Mathematical Modeling, Statistics and Optimization).

Atzerriko hainbat zentrotan ikerketa-egonaldiak egin ditut: Heraklioko Unibertsitatean (Kretan, Grezian), Queenslandeko Unibertsitatean (Australian), King Abdullah Unibertsitatean (Saudi Arabian), Valparaisoko Pontifizia Unibertsitate-Katolikoan (Txilen) eta CNRS-IRIT-ENSEEIHT ikerketa-zentroan (Frantzian).

Zazpi liburu argitaratu ditut, horietako bost euskaraz.
Nazioarteko aldizkarietan hogeita hamar artikulu zientifiko inguru argitaratu ditut; berrogeitaka lan kongresuetatik eratorritako aktetan eta hamabosten bat dibulgazio-artikulu.
Ehun eta berrogeita hamar lan inguru aurkeztu ditutkongresuetan, eta horietako bitan nire lana saritua izan da:
o The 5th Workshop on Computational Optimization, Modelling and Simulation workshopeko artikulurik onenaren saria jaso nuen Cairns-en (Australian), 2014ko ekainean. International Conference in Computational Science ICCS 2014 kongresuaren baitan. Artikuluaren izenburua: Solution of the wave-type PDE by numerical damping control multistep methods. Euskaraz izenburua: Uhin motako Deribatu Partzialeko Ekuazioen ebazpena moteltze algoritmikodun zenbakizko metodoak erabilita.
o Posterrik onenari saria: International Congress of Women Mathematicians ICWM 2014, Seulen (Hego Korean), 2014ko abuztuan. Posterraren izenburua: A Matlab Object Oriented methodology for Finite Element Computations. Euskarazko izenburua: Elementu Finituen konputaziorako objektuei egokitutako metodologia Matlab erabilita.

Hainbat ikerketa proiektutan parte hartu dut, besteak beste, Europako RISE (H2020) bi proiektutan. Bi doktorego tesi zuzendu ditut, eta hainbat gradu eta master amaierako lan ere bai.

Nazioarteko eta bertoko hainbat aldizkaritarako begirale lanak egin ditut, eta EKAIA Euskal Herriko unibertsitateko zientzia eta teknologia aldizkarian matematikako ataleko editorea naiz. Matematika dibulgatzailen ere jardun dut, besteak beste, Euskadi Irratian (Norteko Ferrokarrilean), Zientzia Kaieran, Berria egunkarian, Radio Euskadiko La mecánica del caracol saioan.

 

Detalles del evento
  • Fecha de inicio
    29 - 11 - 2023 10:00
  • Categoría