FELIX ZUBIA: Minbizia. Zer da, eta nola egin diezaiokegu aurre?

  • 2023, OTSAILAK 15, eguaztena
  • 10:00
  • Santa Ana Antzokia – OÑATI

Felix Zubia Olaskoaga. Zarautz, 1974.

– Medikuntza eta Kirurgian lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean, 1998an. Medikuntza eta Kirurgian doktore, 2009an. Ikerketaren gaia: Pankreatitis akutuaren konplikazio infekziosoak.

– Medikuntza Intentsiboan espezialista, 2004tik. Donostialdea ESIko Zainketa Intentsiboen Unitateko mediku, 2004tik. Zerbitzu honetako buru, 2020ko abendutik.

– Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza fakultateko irakasle laguntzaile, 2006tik, Medikuntzako Sailean.

– 35 argitalpenetik gora, nazioarteko aldizkarietan. 6 doktorego tesiren zuzendari. Ikerketa lerroak: pankreatitis akutua, paziente politraumatizatuak, miokardioko infartu akutua.

– Gurutze Gorriko boluntario, 1995etik.

– Hainbat komunikabidetan kolaboratzaile: Euskadi Irratia, Argia, Elhuyar… Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioaren aurkezle. 2020ko Rikardo Arregi kazetari onenaren sariaren irabazle.

HITZALDIA: MINBIZIA. ZER DA ETA ZER EGIN DEZAKEGU TRATATZEKO?

Minbizia oso sarri ematen den gaixotasuna da. Gure inguruan, heriotzen %25 suposatzen du, eta hurrengo urteetan hiru pertsonatik batek izango dugula uste da.

Berri onak daude, ordea. Minbiziaren sorburua geroz eta hobeto ulertzen dugu. Badakigu minbizian kontrolik gabe hazten den zelula bat dagoela, sorburuan, eta hau ugaltzeak eragiten duela. Zelula hau etengabe hazteko aldaketa genetikoak gertatzen dira, onkogen izeneko geneetan. Horretaz gain, gure defentsei, immunitateari ihes egiteko gaitasuna behar du. Eta gainera, hedatzeko gaitasuna du, zabaltzekoa.

Ezagutza hau tratamendu berriak garatzeko aukera da. Hasiak dira tratamendu berriak, hurrengo 10-20 urteetan etengabe hobetuko direnak. Eta minbizia ugarituko bada ere, sendagarria izango da ia kasurik gehienetan.

Tratamendurako aukera berri hauek azaltzen saiatuko gara, eta bertan dugun baina etorkizunean garatuko diren tratamendu berriak aztertuko ditugu.

Detalles del evento