
- 2023, URTARRILAK 27, ostirala
2023ko lehenengo mendi irteera, Antzuola herrian egingo dugu. Iñigo Ramirez de Okariz bertako historiagileari eskatu diogu gida bezala aritu dadila guretzat. Eta bi aukera eskaini dizkigu, eguraldiaren arabera. Biak ala biak Antzuola herritik abiatzen direnez, bi egun lehenago erabakiko dugu nora egin, eguraldiaren arabera, esan bezala.
Eta bata edo bestea egin, eguna Trekutz elkartean bukatuko dugu, salda bero eta mokadutxo bat hartuaz (oraingo honetan ez dugu bazkaririk izango eta).
A AUKERA
Antzuola-Arrola-Arranoaitz-Koroso-Antzuola
Arrolako ipar aldeko igoera egingo dugu, Urkillutik eta Antxintxarditik gora. Natura aldetik bere garrantzia dauka, bertan herriko pagadi ederrenetatik pasatzeko aukera dagoelako. Arrola tontorraren azpian iturri ona dago, urte osoan ura dakarrena. Eta zer esanik ez, tontorretik ikusiko ditugun bistak eta paisaiak. Antzuolara bueltatzeko garai batean Oñatira zihoan bidetik egingo dugu, Urkillu aldera berriz ere. Pagoak, Arranoaitz tontorra, Korosoko iturria, ikatz-tokiak, elur-zuloak, galtzada zaharra … ikusteko aukera.
Ibilbide honek 12 km ditu, eta ia 700 metroko desnibela. 3,5 – 4 orduko ibilbidea, gutxigorabehera.
B AUKERA
Elizbideak eta tenplarioak
Antzuolako herriak badauzka inguru ederrak baita, ezezagunak eta bitxiak. Ibilbide honek hirurak betetzen ditu, eta Lizarraga eta Uzarraga auzoetan zehar egiten da. Uzarraga herritik 2 kmtara dagoen elizatea da, Gipuzkoako zaharrenetarikoa. Bera izan zen herriko lehenengo parrokia. Kondairak dio, bertako San Juan Bautista eliza tenplario jatorria duela. Gaur egun zeharo hondatuta dago. Lizarraga auzoa ezagutzeko eta Uzarraga auzoan, ezkutuan, dagoen Santa Kruz ermitaren aztarnak ezagutzeko ere ideala da. Baina polita da ere ibilbidean zehar garai bateko elizbideetatik ibiliko garelako.
Ibilbide honek 11,5 km ditu, eta 436 metroko desnibela, zailtasun ertaineko hau ere.