ITZIAR ALKORTA: Haurduntze subrogatuari buruz ikuspegi zibila

  • 2023ko Urriak 9, astelehena
  • 10:00
  • ARRASATE (Kulturate)

HITZALDIAREN GAIA

Amatasun Subrogatuaren auzia zertan den, azken aldian sortu diren polemikak eta debateak, eta konpondu beharreko arazoak, aztertuko dira hitzaldi honetan, beti ere Zuzenbide Zibilaren ikuspegitik.

Izan ere, Pandoraren kutxa ireki du Obregon amona-amaren auziak. Prozesu honen kariaz, legelariek, medikuek, irakasleek eta baita teologoek ere ama zein den eztabaidatzen dute. Mater semper certa est, Erromatarren garaitik indarrean zegoen atsotitz zaharra, bertan behera geratu zen. Alokatu ahal daiteke umetokia? Norena da horrelako akordio baten ondorioz jaiotako umea? Bi ama izan al ditzake haur berak? Semearengandik jaiotako umeak izan al dezake ama-amona?

Horrez gain, auzi honentan gauzak ez dira berdin ikusten Europan edo beste herrialde batzuetatik begiratuta. Hemen, gehienbat ama subrogatuengandik jaiotako umeak ikusten ditugu. Gurasorik gabe gera ez daitezen, balizko gurasoek izan behar omen dute guraso, gure Epaitegien ebazpenez. Aldiz, Indian, Ukrainan edo beste herrialde txiro batzuetan, emakumeak daude amatasun subrogatuaren ikusmiran. Emakumearen gorputza ez dugu bitarteko huts bezala hartu ahal. Non geratzen dira emakumearen eskubideak bere gorputza umea izateko salgai jartzen direnean?.

HIZLARIA

Itziar ALKORTA IDIAKEZ, (Donostia, 1967), Zuzenbide Zibileko Irakasle Titularra da UPV/EHUko Zuzenbide Fakultatean.

Bi ikerketa lerro nagusi ditu. Datuen babesaren gainekoa da horietako bat, bestea giza ugaltzearen gaineko araudia eta etika.

Doktorego osteko formazioa osatzeko Hastings Center for Bioethics (New York) eta University of Pennsylvania-ko Center for Bioethics-en (Philadelphia) egonaldiak baliatzen ditu. Etapa honen ondorioz giza ugaltze eskubideen gaineko erreferentziazko obra publikatzen du 2003an, Aranzadi-Thomson argitaletxean. Ondoren, Europako Programa Markoetako ikerketa-konsortzioetan ikerlari moduan parte hartzen du, horren emaitza direlarik inpaktuzko publikazioak (Palgrave-Macmillan argitaletxeetan) eta Europako Parlamentuari zuzendutako gomendioak bioteknologien arauketaren inguruan. Nazioarteko ibilbideak eramaten du 2016/2017 ikasturtean Bordeleko Unibertsitatean ikermugikortasun egonaldia osatzera. Berriki, Sidney-ko Unibertsitatean parte hartu berri du ponente gisa Biocommodity-ei buruzko nazioarteko Kongresuan.

Adimen artifizialaren gainean ari da azken lau urteetan lanean Smartbear europar proiektuaren ildotik. https://www.smart-bear.eu/

Adimen artifizialaren gaineko Enlight programaren posgraduan irakasle da.

Bere ikerketa lanaren ondorena izan da datuen babesaren erringen gaineko eztabaida sozialean duen parte–hartze aktiboaren, dela ikastaroak, debateak, hitzaldiak, eta euskal nahiz estatu mailako komunikazio medioetan argitaratutako artikuluak.

Ikerketa eta zabalkunde lanarekin batera, gizarte konpromisoak kulturaren eta zientziaren politiken sustapenean parte hartzera darama. Eusko Ikaskuntzako Idazkaritzatik  Eleria aldizkari juridikoa abian jarri zuen, beste programa batzuekin batera. UPV/EHUko Berrikuntza eta Kalitate Errektoreorde izan zenean IKD Ikaskuntza eredua jarri zuen martxan, irakaslegoaren formazioa,  ebaluazio eta berrikuntza metodologikoak eskainiz. Jakiunde, Zientzia, Letrak eta Artearen Idazkaritzak Euskal Herriko zientzia eta kulturaren alde lanean jarraitzeko aukera eman zion.

Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuorde izendatu zuten 2012an, Unibertsitate Plan berriaren ardura hartu zuelarik (2014). Egun, Iura Vasconiae Fundazio-ko Presidenteordea da, bertan Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko bilduma zuzentzen duelarik. Halaber, Sokoako Mugarteko Kanpusaren Ocean I3 programa zuzentzen du, UPV/EHU eta Bordeleko Unibertsitatean arteko formazio eta ikerketa programak uztartu asmo dituena.

Politika publikoen kudeaketan eskuratutako esperientzia baloratzeko deitzen diote estatu mailan eta baita nazioartean ere, ikerketa programa instituzionalak ebaluatzeko.

Detalles del evento
  • Fecha de inicio
    09 - 10 - 2023 10:00
  • Categoría