
- 2025ko Apirilak 7, astelehena
- 10:00
- Kulturate – ARRASATE
HITZALDIA
Finlandia, paradisu eta infernu?
Finlandia hitza entzun, eta herrialde mitikoaren irudia etortzen zaigu berehalakoan. Izenak berak, “Amaierako lurraldea” finisterra moduko bat da. Eta badu hortik ere pixka bat. Herrialde ederra eta gogorra da aldi berean, kontrastez josia, ingurukoekiko diferentziaz josia.
Historia pixka batekin hasiko gara, eta gaur egungo Finlandia modernora arteko bidean hainbat gai funtsezko jorratuko ditugu: hizkuntza eta kultura, erlijioa, sauna Finlandian (eta Euskal Herrian!), gizon-emakumeen arteko gorabeherak, alkohola eta bakardadea, hezkuntza maila ona, ekonomia, euskara eta suomieraren arteko antzekotasunak…
Ikuspegi orkorra, holistikoa ematen saiatuko naiz, neure subjektibitatetik haratago joaten saiatuta.
HIZLARIA
Joseba Ossa Altzibar. Zumaia, 1964
EHUn irakasle ikasketak amaitu ondoren zazpi urte eman zituen Emaus izeneko erakundean boluntario lanetan, eta komunitatean bizitzen, gizarteko pertsonarik baztertuenekin batera.
1987an Finlandiara iritsi, eta hiru urte eman zituen Helsinkiko Emauseko komunitatean bizitzen, eta bertan ezagutu zuen gaur egun emazte duen Mia Rissanen. Hiru seme-alaba dituzte, eta 1991z geroztik Euskal Herrian bizi dira. (Argazkian: Mia eta Joseba, senar-emazteak)
Itzultzaile eta itzulpen enpresa bateko kudeatzaile da lanbidez. Alde horretatik hainbat liburu idatzi ditu, besteak beste Laponiako eta Finlandiako kontuekin, Euskal Herriaren eta lurralde haien arteko zubiak eraikiz. (Ikusi Eranskinean, hainbat libururen zerrenda)
Gaur egun bigarren lan bat ere badu: sauna kuttun bat duen kanpina kudeatzen du Nafarroako Artazan, Urbasaren magalean. (Ikusi hemen Artazako Kanpinaren webgunea)
Mundu hau ederragoa eta orekatuagoa izan dadin saiatzen den ameslaria ere bada, kontzientzia indibidual eta kolektiboa bizirik mantentzen saiatzen den borrokalaria. Iraultza txikietan sinesten du, eta bidean lagungarri izan zaio saunaren kultura eta filosofian sakontzea, bertan atsedena eta oreka aurkitzea, gero eguneroko lanetan indar eta bake handiagoz jarraitu ahal izateko.

ERANSKINA
Joseba OSSAk idatzitako zenbait liburu:
- “Inari, Laponiako lore” (Zubia-Alfaguara),
- “Finlandiako ipuin eroak” (Zubia-Alfaguara)
- “Euskara-suomi” hiztegia (Erroteta, hirugarren edizioa 2022)
- “Sauna on: Finlandiatik Euskal Herrira, bidaia bat saunaren bihotzera” (Erroteta, 2022)
Joseba OSSAk eta Mia RISSANENek finlandieratik itzulitako liburua:
- “Garbiketa”, Sofia Oksanen idazlearena (Alberdania + Erein)
