
- 2025ko Maiatzeko 28a, eguaztena
- 10:00
- Santa Ana Antzokia- OÑATI
- OHARRA: Saioaren amaieran luntxa izango da, Oñatiko Udalak eskainita.
Iaz, sasoi honetan, antolatutako bertsoaldiak izan zuen harrera bikaina kontuan hartuta, berriro ere bertso-saio bat eginez jarriko diogu amaiera 2024-2025 Ikasturteari.
Orduko ereduari jarraiituz, Debagoieneko bertsolariak gonbidatu ditugu oraingoan ere: Aitor Tatiegi (Oñati), Ane Zuazubiskar (Arrasate), Martin Abarrategi (Aramaixo) eta Oihane Arana (Eskoriatza) izango dira lau bertsolariok.
Gaiak Goienagusiko bertsozale talde batek prestatu ditu eta aurkezpen lana Xabier Ormaetxeak (Aretxabaleta) egingo du.
Saioaren amaieran, oporraldia ondo hasteko, Oñatiko Udalak luntx goxoa eskainiko digu bertaratzen garen guztioi.
BERTSOLARIAK

Aitor Tatiegi (Oñati, 2001). 2010ean hasi zen Oñatiko Txinparta bertso eskolan. Hainbat eskolarteko txapelketetan kantatua, 2019an Gipuzkoako eskolarteko txapelketako txapelduna izan zen. Geroztik hainbat sariketetan parte hartu du. Iaz, bigarren izan zen Osinalde sariketan. Bigarren egiteaz gain, entzuleen eta bertsorik onenaren saria ere eskuratu zuen. 2024 Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean parte hartu zuen eta Bertsolari Gazteen Lizardi Saria irabazi zuen. Berriki 2025 urteko Osinalde Saria irabazi du.

Ane Zuazubiskar (Arrasate, 1997). Zortzi urte zituenean hasi zen Arrasateko bertso-eskolan, Patxi Goikoleak eta Haur Hezkuntzako irakasle batek bultzatuta. Egun, Aramaioko bertso eskolako kide da, eta irakasle lanetan ari da Aretxabaletako Lekaixoka bertso-eskolan. Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak ditu, eta Berria egunkarian eta Euskadi Irratian aritu izan da kazetari moduan. 2015eko Gipuzkoako Txapelketa izan zen parte hartu zuen lehena. 2022 urtean Osinalde sariketa irabazi zuen. Iaz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartu zuen.

Martin Abarrategi (Aramaio, 2001). 10 urte zituela hasi zen Aramaioko bertso eskolan. Ordutik Arabako banakako zein taldekako txapelketa desberdinetan parte hartu du eta 2021 urtean Arabako Binakako Txapelketa irabazi zuen Manex Agirrerekin batera. Egun, Aramaioko bertso eskolako irakasle izateaz gain, Bertsoa Bizi Gazte egitasmoko irakaslea ere bada.

Oihane Arana (Eskoriatza, 2001) beertsolaria eta idazlea da. Arizmendi Ikastolan egin zituen lehen ikasketak. Egun, Euskal Herriko Unibertsitatean Gizarte antropologia ikasten dihardu. Txikitatik izan du bertsotarako zaletasuna eta 2017 eta 2018an Gipuzkoako eskolarteko txapelduna izan zen. 2019an Urruzunotarrak gehituz lehiaketako saridunetako bat zen. 2020an, Oñatiko Antixena Gaztetxean jokatu zen finalean, Dizdaitte sariketaren lehen edizioko txapeldun.
2020an argitaratu zuen bere lehenengo eleberria Portuak. Horretaz gain Izotzetan islatuak liburu kolektiboan ere parte hartu du.
