
- 2027ko MAIATZAK 5
- 10:00
- BERGARA – Seminarixoa
LABURPENA
Baserritar Jantzia XX. mendean sortu zen. Hitzaldi honetan, alde batetik, jantzi honen sorrera eta bilakaerari buruz hitz egingo dut. Bestetik, gaur egun hainbat festa eta ospakizunetan janzten dugunari buruzko hausnarketa egingo dut, Ikerfolkek 1992an aurkezturiko Atondu proiektua oinarri harturik. Nire lanean garrantzi handia ematen diot NOLA JANTZI alderdiari. Horixe izan zen Baserritar Jantziaren sorreraren gakoetako bat eta horixe da, gaur egun ere, eztabaidak sortzen dituen alderdia. Hitzaldiaren bukaeran, tailer bat egingo dugu buruko eta lepoko zapia, gerrikoa eta abarkak janzteko moduari buruz.
HIZLARIA
Ane Albisu Iriarte (Donostia, 1960).
Gure semeak, ikastolan hasi zenean eta andereñok galdetu zionean bere ama zer zen, honako hau erantzun zion: “Nire ama telatzailea da”. Semeak ondo zekien, bai, zer zen bere ama! Txiki-txikia nintzenetik diseinatu eta josi izan ditut arropak. 1977an Argia Dantzari Taldean sartu nintzen, eta 1985ean Ikerfolk elkartea sortu genuen; ordutik ari naiz ikerketa-lanetan. Beraz, “Diseinatzaile, Jantzi Ondarearen ikertzaile eta Ikerfolkeko partaide” naizela esanez aurkeztu ohi dut neure burua. 2025eko abenduan, Euskal Herriko jantzi eta janzkerei buruzko lehenengo doktore-tesia defendatu nuen Euskal Herriko Unibertsitatean.
