AURKENE ALZUA: Turismoa eta lekuko nortasuna: aukerak eta arriskuak ikuspegi global batetik

  • 2025-ko AZAROAK 24, astelehena
  • 10:00
  • Kulturate – ARRASATE

GAIA

Azken hamarkadetan, turismoak bilakaera esanguratsua izan du: kostaldeko helmuga masiboetatik haratago, barnealdeko lurraldeetara zabaldu da, nortasun sendoa eta balio kultural, natural edota industrial nabarmenak dituzten eremuetara. Ponentzia honek turismoa fenomeno sozial, ekonomiko eta lurralde-eraldatzaile gisa ulertzeko gakoak eskainiko ditu, ikuspegi akademiko eta kritikotik, baina publiko zabal eta ez-espezializatuari egokituta.

Hitzaldia bereziki pentsatuta dago beren ingurune hurbilaren erronkez arduratzen diren herritarrentzat, hala nola ondarea, ingurumenaren zaintza eta bizi-kalitatea. Nazioarteko hainbat kasu esanguratsu azalduko dira turismoak izaera bereziko tokietan nola eragiten duen ulertzeko, masifikazio turistiko handirik gabe ere.

Ponentziak, halaber, Gipuzkoako testuinguru orokorrari begirada eguneratua eskainiko dio. Helburua da publikoak bere lurraldearen eta turismoaren arteko harremanez hausnartu ahal izatea, ikuspegi informatu eta kritiko batetik.

Gai ardatzak:

  • Gaur egungo turismoaren bilakaera eta joera berriak.
  • Mitoak eta errealitateak kostaldetik urruneko tokietan.
  • Turismoaren ingurumen, gizarte eta ekonomia-eraginak.
  • Tokiko komunitatearen zeregina eta parte-hartzea etorkizuneko turismoan.

HIZLARIA

Aurkene Alzua-Sorzabal doktorea turismoaren azterketan aditua da, eta bere jardun akademiko eta profesionala nazioarteko esparruan garatu du. Purdue University-n (AEB) Turismo Internazionaleko doktoregoa lortu zuen, eta gaur egun Nebrija Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea da. Halaber, Telefónica-Nebrija Turismo Adimen Katedraren zuzendaria eta Research and Innovation in Smart Tourism taldeko ikertzaile nagusia da.

 https://portalinvestigacion.nebrija.com/investigadores/644203/detalle

https://www.deusto.es/es/inicio/somos-deusto/equipo/profesores/2580/profesor

Ekitaldiaren xehetasunak