
- 2023ko Apirilak 26, eguaztena
- Goizeko 10:00 etan
- OÑATIko Santa Ana Antzokian
DORLETA KORTAZAR naiz. Eskoriatzan jaio nintzen (Gipuzkoa), Deba ibaiaren sorburutik oso gertu. Agian, horregatik behar izaten dut noizean behin, errekak legez, itsasoraino bidea egitea.
Formazioz gizarte hezitzailea naiz eta gazteria alorrean diardut lanean azken 26 urtetan.
Beste ezeren gainetik ipuinak dira nire pasio. Helduei, haurrei eta nerabeei zuzendutako saioak ditut, eta bertan, nik sortutako ipuinak, tradizionalak eta egile berrienak kontatzen ditut.
Ipuinak kontatzea bezainbeste maite dut entzutea, irakurtzea eta batez ere ikastea; estatuko eta nazioarteko ipuin kontalari erreferenteen eskutik jaso dut formazioa.
Berba hitza maite dut, berbak dira nire lanerako tresna eta horregatik zaintzen ditut tentuz. Diote begiekin eta batez ere irribarrearekin kontatzen dudala, gozo, xamur, euskara goxo eta zainduan.
Ikastaroak eskaintzen ditut ipuinak kontatzen ikasteko eta formazio saioak gidatzen ditut guraso eta hezitzaileei zuzenduta, irakurzaletasuna sustatzeko.
“80 AMANDRE” Helduentzako Ipuinak
80 amandre behar omen dira aintzinako emakumeak egungoekin lotzeko, hori zion behintzat Jorge Oteiza handiak; 80 amandre besterik ez, antzinaroa gaur egunarekin lotzeko.
Nik 4 amandre nahikoa izan ditut munduan nire txokoa aurkitzeko, 4 amandre besterik ez, ipuin bihurtu eta saio honetan elkartu ditudanak.
Ametsak, desioak, lana eta tristurak mototsean kiribildu eta munduari irribarre egiten ikasi duten emakumeen istorioak dira hauek. Esku zailduak, sabel puztuak, begirada galduak, eta batez ere irribarrea begietan duten amandreak, amamak, amonak, amatxiak, amumak…
Finean, nire amandreak zure amandreak direlako.