EDORTA UNAMUNO: Urdaibai Bird Center Naturaren Fabrika: hegaztien migrazioa behatzeko modu berri bat

  • 2025ko AZAROAK 10, astelehena
  • 10:00
  • Kulturate – ARRASATE

GAIA

Urdaibai Bird Center Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea da, eta bertan ikerketa, ingurumenaren kontserbazioa eta dibulgazioa uztartzen dira.

2012tik publikoarentzat irekita, Zentroa batez ere hegaztien munduari, haien migrazioei, bizi diren habitatei eta haien bizitza zehazten duten faktoreei eskainita dago. Zentroa Urdaibaiko Biosfera Erreserban kokatuta dago, Kantauri itsasertzeko padura garrantzitsuenetako bat duen babestutako naturagune batean. Horregatik, Zentroaren jarduera nagusietako bat hezeguneak babestea eta kontserbatzea da, uretako hegaztientzako aterpea eta janaria bermatzeko ezinbesteko habitatak baitira.

Gaurkoan hitzaldian urtero milioika hegaztik egiten duten fenomeno ikusgarri batez arituko gara, migrazioaz hain zuzen ere. Gure kasuan Atlantiko Ekialdeko Migrazio bidea aztertuko dugu, hori baita guri dagokiguna. Hegazti ugarik iparralde urrunean ugaldu ostean, Europa osoa zeharkatzen dute hegoalderantz elikadura bermatuko dieten eskualdeetaraino iristeko. Askok eta askok Sahara desertua bera ere gurutzatu eta milaka kilometro burutzen dituzte Afrikan barrena.

Zergatik egiten dute milaka kilometrotako bide luze hau? nola dira gai orientatzeko? Zenbat denbora irauten du bidaiak? Galdera hauek eta beste batzuk ere azaltzen saiatuko gara adibidetzat jarriko ditudan hegazti batzuen bitartez, enara, arrano arrantzalea, oilagorra eta mokozabala.

HIZLARIA

Edorta Unamuno Mirandona, 1970 (Ermua). Urdaibai Bird Center. Gautegiz Arteaga, Bizkaia

1993. urtean Ekosistemen Biologian lizentziatua eta 1995. urte arte EHUko Ekologia eta Animalia Fisiologiako Zoologiako laborategian malakologia atalean aritua. 1995-2009 urteetan zehar Lurraska Baserri Eskolan ingurumen hezkuntzako proiektuetan koordinatzaile gisa lanean.

2004. urtetik 2012 urtera, Urdaibai Bird Centerraren sorkuntzan eta prestaketa lanetan partehartzaile izandakoa. Gaur egun hegaztiak, migrazioak eta beraien habitatei buruz diharduen zentro honetan, ikerketa, dibulgazio eta hezegunearen kudeaketan teknikari, komunikazio eta koordinatzaile lanak aurrera eramaten.

Ekitaldiaren xehetasunak