Euskaraz antzeztutako antzerki musikalaren historia (Historia del teatro musical representado en euskera)

  • 2024ko Otsailak 5, astelehena
  • 10:00
  • Kulturate – ARRASATE
  • Hitzaldia euskaraz izango da, baina gaztelaniazko komentarioak egingo dira, irudi eta audioen laguntzaz, edonork uler dezan.

Hizlaria: VALEN MOÑUX URIBESALGO

Formazio akademikoari eta ogibideari dagokionez, arkitekto teknikoa da. Musika-­tradizio handiko Bergarako familia batean jaioa, urte asko daramatza herriko ondare artistikoa eta kultura musikala sustatzen. Bergarako Orfeoia, Bergarako Musika Eskola eta Bergarako Antzerki Musikala elkarteen baitan garatu du batik bat bere ibilbide artistikoa. Nabarmentzekoak dira herrigintzan bultzatu eta taularatutako antzerki musikalak.

Bere formakuntza akademikoak espazio eszenikoak erraztasunez diseinatzeko trebetasuna eman dio, baina ekoizle, eszena-zuzendari, aktore eta abeslari lanak ere egin ditu. Arte eszenikoekiko duen pasioak bultzatuta, Euskal Herriko eszenatoki garrantzitsuenetara kalitate handiko antzerki musikal ugari eraman ditu.

Honako hauek dira esanguratsuenak: 1989. San Martzial Estanpa; 1994. Miserableak; 1997 San Martinen Estanpak; 1999-2003 Oliver!; 2006 Seussen Mundua; 2009tik 2019ra. Antzuolako Mairuaren Alardearen eszena zuzendaria; 2009. Miserableak berrestreinaldia; 2010. Olentzero & Company!; 2012tik Bergarako Danborradako estanpa japoniarraren arduraduna da; 2013 Peter Pan; 2015 Peñafloridako kondearen El borracho burlado operako 250. urteurrena ospatzeko; 2016 Donostiako Kursaalen La Traviata opera; 2017 Alizia Herrialde Miresgarrian… badago WIFI; 2018 Bergarako herriaren 750. urteurrenaren ospakizunen jaialdia zuzendu zuen; 2022 Africa, las dos orillas; 2023 Toti Martinez de Lezearen Bretxa eleberrian oinarritutako musikal erraldoia Donostiako Victoria Eugenia antzokian eta ETBk emitituta.

2023ko irailean Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Bazkide Numerario izendatu zuten eta bere sarrera ikasgaia euskaraz antzeztutako antzerki musikalaren historiari buruzkoa izan zen.

KONFERENTZIAREN EDUKIA

Hitzaldia Bascongadan sartzeko nik emandako ikasgaian oinarrituko da. Euskal kulturan ezagunena izan ez arren, Euskal Herriko historian garrantzi handia duen genero baten ibilbidea azaltzen saiatuko naiz.

Zuberoako pastorala da euskal antzerki musikalaren jatorri eztabaidaezina, baina, arrazoi askorengatik, Peñafloridako kondearen El borracho burlado estreinaldia euskal operaren hasierako mugarritzat hartu behar da. Txanton Piperri edo Mendi Mendiyan bezalako obra gogoangarriekin jarraituko dut hitzaldia.

Usandizaga, Guridi, Escudero… azalduko dira, baina izaera herrikoiagoa duen genero bat ere joko dut, bereziki Bergaran, azken hamarkadetan ibilbide eta hedapen handia izan duena: Broadway estiloko musikal modernoa.

Hitzaldiak ikus-entzunezko elementu ugari izango ditu, ehun argazki baino gehiago eta hogeita hamar bideo. Niretzat izugarrizko poza da lan hau musika eszenikoaren tradizio handia duen herri batera eramatea, Arrasatera, alegia. Gainera, Juan Arzamendik zuzendu ninduen lehen aldiz Arrasate Musical orkestrarekin kontzertu sinfoniko koral batean, nire ibilbide musikal amateurraren hasieran.

Ekitaldiaren xehetasunak