FERNANDO PLAZAOLA – Unibertsoa: bere historiaren ezagutza (eta arte plastikoetan izan duen eragina)

  • 2025ko Otsailak 10, astelehena
  • 10:00etan
  • Kulturate – ARRASATE

HITZALDIA

UNIBERTSOA: Bere historiaren ezagutza 

Hitzaldiaren helburua da era ulerterrazean gaur egun dugun unibertsoaren ezagutza nola lortu dugun aurkeztea. Hainbatetan bidea helmuga baino interesgarriagoa da, eta kasu honetan horrela dela zalantzarik gabe esan daiteke. Izan ere, oso sendo errotutako kontzeptuak, sinesmenak … bidean ipurdi agerian geratu baitira; bereziki XX. mendetik orain arte. Are gehiago. orain ere gertatzen da!

Aurkezpeneko lehen zatian Einsteinen aurreko unibertsoari buruzko teoriak azalduko ditut, eta ostean 1905 eta 1915 urtetan Einsteinek argitaraturiko teoriek sortu zuten kontzeptuen triskantza, adibidez, denboraz edo espazioaz genuen ulermenaz. Horretarako gugandik oso hurbil ditugun adibideak erabiliko ditut.

Teoria horiek iradokitzen dituzten kontzeptu berriak deskribatuko dira ere, hala nola zulo beltzena. Ondoren kosmologia modernoaren jatorria azalduko da eta egun denok ezagutzen dugun ‘Big Bang’ teoria azalduko dut, eta halaber, zertan oinarrituta dagoen eta babesten duten argudioak erakutsiko dira.

Hitzaldiaren azken zatian, aipatu bidea jarraituz, unibertsoaz ezagutzen duguna, izatez, oso gutxi dela jabetuko gara. Duela 25 urteko behaketek gainera, unibertsoaren ezagutza irauli dute. Adibidez, unibertsoan dagoen materiatik bakarrik %4a ezagutzen dugu, beste %96a ez dugu ezagutzen. Materia ezezagun horretatik %25a zer izan daitekeen somatzen dugu, baina beste %75-ri buruz ez daukagu zantzu sendorik.

Hasieran aipatu dudan bezala, hitzaldiaren helburua eta nahia uler erraztasuna da!!!

Arte plastikoetan izan duen eragina

Bestalde, Unibertsoaren ezagutzaren historia azaltzen goazen bitartean, arte plastikoetan gertatu ziren eragin batzuk ere deskribatuko dira hitzaldian zehar. Izan ere, iraultzek arteetan zein zientzietan, hainbatetan sasoi berean gertatzen dira. Hala nola, 3D-aren agerpen berria pinturan, teoria heliozentrikoaren iraultzarekin batera gertatu zen Errenazimentuan. XX. mendearen hasieran berriz, Eistenen Erlatibitate Berezia Teoria eta Picassoren Kubismoa garai berean gertatu ziren ere, lehena 1905ean eta bigarrena 1907an. Horretaz gain, agerian dago XX. mendean Fisikan gertatu ziren iraultzek eragin handia izan zutelela arte plastikoetan, gutxienez.

HIZLARIA

FERNANDO PLAZAOLA MUGURUZA

Madrileko Complutense Unibertsitateko Fisika Fakultatean Zientzia Fisikoetan Lizentziatua. Euska Jaurlaritzako ikerlariak formatzeko laguntza bati esker Helsinkiko Teknologia Unibertsitatean doktoretza garatu zuen eta UPv/EHUn Doktore izendatua izan zen. Unibertsitate honetan Teknika Nuklearren bidez Materialak ikertzeko laborategia sortu zuen eta “Microstructural, Magnetic And SPECtroscpic characterization of materials with High-Teh and Biomedical applications” MIMASPEC ikerketa-taldearen buru da. Zuzentzen dituen ikerketa-lerroak bai materialen eta euren aplikazio teknologikoen zein minbiziaren diagnostikorako eta terapiarako instrumentazio berrien ikerketara bideratuta daude. Besteen artean, UPV/EHUko Ikerketa-Errektoreordea eta Errektorea funtzioetan (2013-17) izan da. Egun, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Dekanoa da.
Dibulgazioa zientifikoaren arloari dagokionez, UPV/EHUko EKAIA Zientzia eta Teknologia dibulgazio aldizkariaren koordinatzailea izan zen sei urtez eta gaur egun kontseilu editorialaren partaide ere. Hainbat dibulgazio artikulu idatzi ditu eta EKAIA aldizkarian idatzi dituen azkenak honako hauek dira:
Oinarrizko partikulen eredu standarra, SM, kinka larrian ote? EKAIA 46, 57-85 (2024). DOI: https://doi.org/10.1387/ekaia.25874
Geologia 1-Fisika 1: duela 65 milioi urte Lurraren aurkako meteorito baten inpaktuaren afera. EKAIA 44, 153-199 (2023). DOI: https://doi.org/10.1387/ekaia.23754
Geologia 1-Fisika 0: Lur planetaren adina. EKAIA 42, 253-281 (2022). DOI: https://doi.org/10.1387/ekaia.22983

 

“Niretzat XX. mendea txundigarria izan da, zientziaren eta ezagutzaren ikuspuntutik.

Batetik, mekanika kuantikoak mundu txikia ezagutzeko atea ireki digu, eta intuizioaren aurka dauden hainbat gauzaz jabetzeko aukera eman digu. Bestetik, txikitik handitasunera jauzi eginda, unibertsoa ezagutzeko oinarrizko aurkikuntzak egin dira mende horretan. Liluragarria iruditzen zait nola gai izan garen haien gainean hausnartzeko eta ondorioak ateratzeko. […]

Hala eta guztiz ere, niretzat harrigarriena, eta, gainera, asko kostatzen zaidana ulertzea da ezagutzen dugun unibertsoa unibertso osoaren zati ñimiño bat baino ez dela. % 5 baino ez dugu ezagutzen, eta gainerakoa ez dakigu ezta zer den ere. Horrek pentsarazten dit azkenean ez garela ezer.”

(Fernando Plazaola)

Ekitaldiaren xehetasunak