
- 2025eko ABENDUAK 15, astelehena
- 10:00
- Kulturate – ARRASATE
GAIA
Islandian 17. mendean idatziriko hiru hitz-zerrendatan (eta 19. mendeko laugarren batean), euskarazko hitzak agertzen dira; badira jatorri desberdinetako hizkuntzen aztarnak erakusten dituzten esaldi gutxi batzuk ere. Esaldi horietan agertzen den hizkuntzari, Basque pidgin deitu zaio. Non eta Islandian, 17. mendean!
Euskararen aztarna horien testuingurua kokatzeko, 16-17. mendeetako euskal arrantzaleen Ipar Atlantikoko arrantza-lekuei buruz dakiguna laburtuko da lehenbizi. Gero, pidgin kontzeptuak zer adierazten duen azalduko da eta, batez ere, testuak eurak erakutsi etaaztertuko dira (hala hitzak nola esaldiak). Hona hemen Islandiako hitz-zerrendetan bildu direnesaldi batzuk:
- bocata for mi attora
- presenta for mi locaria
- ser ju presenta for mi
- for mi presenta for ju biskusa eta sagarduna
- …
Zein hizkuntza da hori? Zein hizkuntzatako elementuak ezagutzen ditugu? Ezagutzen al dugu esaldi horietan euskarazko elementurik? Halako galderei erantzuten ahaleginduko gara hitzaldian.
HIZLARIA
Gidor Bilbao Telletxea (Bermeo, 1965). Filologia Klasikoa eta Euskal Filologia ikasi zituen EHUn, Gasteizen. Filologia Klasikoan doktorea da.
Goienagusiko bazkide eta laguntzailea da. Monumenta Linguae Vasconum ikerketa-taldeko kidea. Euskaltzain urgazlea. Uztaro aldizkariaren zuzendaria.
Latin Filologiako Unibertsitateko Irakasle Titularra da EHUko Letren Fakultatean, Gasteizen. Latina, latin-literatura eta itzulpengintzara aplikaturiko dokumentazio-lana irakatsi ditu graduetan, eta euskal testu zaharren edizioa master mailan.
Latinetik eta gaztelaniatik euskarara itzulitako liburuak argitaratu ditu, bai eta latin-literaturako eskuliburua eta Latina-Euskara hiztegia ere. Euskal pidginei buruzko liburua (Basque pidgins in Iceland and Canada) argitaratu zuen gaztetan (1991n), eta gero tradizio klasikoaren azterketan eta euskal testu zaharren edizioan egin ditu ikerketa-lan gehienak: Axular, Etxeberri Sarakoa, Zuberoako pastoralak, Oihenart eta Lazarraga izan ditu ikergai, besteak beste.
EHUko Euskara Zerbitzuaren zuzendaria eta Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreordea izan da. Gainera, Mikel Laboa Katedra abiarazten lagundu zuen katedraren lehenengo bost urteetan.
UEUrekin ere urte askotan jardun du lanean, hala sailburu gisa (Ikasketa Klasikoetan eta Itzulpengintzan) nola hizkuntz zuzentzaile gisa (Uztaro aldizkari zientifikoan eta liburugintzan). Orain UEUko argitalpengintzan egiten du bere ekarpena, liburuen ebaluazio-prozesuen antolaketan eta editore-lanetan lagunduz.
