
- 2025ko Otsailak 12, eguaztena
- 10:00
- Santa Ana Antzokian – OÑATI
HITZALDIAREN SINOPSIA
Lazarragatarren leinuak Oñatiko oinetxean ditu erroak, baina hortik hainbat adar zabaldu ziren, eta 1439az geroztik Arabako lautadan finkatu zen adar horietako bat. Joan Perez Lazarragako (c.1547-1605) hain zuzen familia horretako kide ezagunena da gaur egun, Lazarraga Eskuizkribuari esker. Eskuizkribu hori 2004an aurkitu zen eta gutxienez bi arrazoirengatik da inportantea: Arabako euskaraz idatziriko lehen lekukotasun luzea delako, eta euskal literaturan aitzindaria delako hainbat alderditatik begiratuta.
Oñatiko hitzaldian arin-arin azalduko dugu idazleari buruz dakiguna eta denboraren parterik handiena haren idazlan hautatuak irakurtzen eta azaltzen emango dugu. Ikusiko dugu Joan Perez Lazarragakok idazlan bakarra idatzi zuela prosan: Sirena, Silbero, Silbia eta Doristeo maitaleen amodio-istorioaren kontakizun laburra. Poesian, ordea, era askotariko poemak ezagutzen ditugu Lazarragak onduriko bildumari esker. Goienagusik antolaturiko saioan, elkarrekin irakurri eta ulertuko ditugu horietako batzuk.
HIZLARIA
Gidor Bilbao Telletxea (Bermeo, 1965).
Filologia Klasikoa eta Euskal Filologia ikasi zituen UPV/EHUn, Gasteizen. Filologia Klasikoan doktorea da.
Monumenta Linguae Vasconum ikerketa-taldeko kidea. Euskaltzain urgazlea. Uztaro aldizkariaren zuzendaria.
Latin Filologiako Unibertsitateko Irakasle Titularra da UPV/EHUko Letren Fakultatean, Gasteizen. Latina, latin-literatura eta itzulpengintzara aplikaturiko dokumentazio-lana irakatsi ditu graduetan, eta euskal testu zaharren edizioa master mailan.
Latinetik eta gaztelaniatik euskarara itzulitako liburuak argitaratu ditu, bai eta latin-literaturako eskuliburua eta Latina-Euskara hiztegia ere. Euskal pidginei buruzko liburua (Basque pidgins in Iceland and Canada) argitaratu zuen gaztetan, eta gero tradizio klasikoaren azterketan eta euskal testu zaharren edizioan egin ditu ikerketa-lan gehienak: Axular, Etxeberri Sarakoa, Zuberoako pastoralak, Oihenart eta Lazarraga izan ditu ikergai, besteak beste.
UPV/EHUko Euskara Zerbitzuaren zuzendaria eta Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreordea izan da. Gainera, Mikel Laboa Katedra abiarazten lagundu du katedraren lehenengo bost urteetan.
UEUrekin ere urte askotan jardun du lanean, hala sailburu gisa (Ikasketa Klasikoetan eta Itzulpengintzan) nola hizkuntz zuzentzaile gisa (Uztaro aldizkari zientifikoan eta liburugintzan). Orain UEUko argitalpengintzan egiten du bere ekarpena, liburuen ebaluazio-prozesuen antolaketan eta editore-lanetan lagunduz.
