IBAN ZALDUA: Euskal literaturaren mitoak (apurtzen)

  • 2026ko MAIATZAK 13
  • 10:00
  • Santa Ana Antzokia – OÑATI

GAIA

Iban Zaldua, bere saiakera literarioetan eta blogeko sarreretan oinarri hartuta, egungo euskal literaturaren mitoak desmuntatzen saiatuko da, hots, egungo literaturako joeren, tasunen eta kerien inguruan arituko da. Euskal literaturenez batik bat, baina orobat egungo literatura unibertsalenekoez (hots, mendebaldar turbokapitalistenez): azken finean, euskal literatura (behingoz) korronte nagusi horren barruan bete-betean dagoela esan daitekeelako, zorionez edo zoritxarrez, onerako eta txarrerako.

HIZLARIA

Iban Zaldua (1966). Historia irakaslea da eta donostiar gasteiztartua. Ipuingilea da batez ere: Gezurrak, gezurrak, gezurrak (2000), Etorkizuna (2005, Euskadi Literatur Saria), Biodiskografiak (2011), Inon ez, inoiz ez (2014), Como si todo hubiera pasado (2018) eta Ipuina engainua da (2022) eman ditu argitara, besteak beste. Nobelen (adibidez, Si Sabino viviría, 2005ekoa) eta saiakeren (2012ko Ese idioma raro y poderoso eta 2016ko (Euskal) Literaturaren alde (eta kontra), besteak beste) perpetratzailea ere bada. Bere azken lan argitaratua Botere handi batek komikia da, Julen Ribas marrazkilariarekin batera sortua (2024).

Ekitaldiaren xehetasunak