IKER BADIOLA: Ezagutzaren zabalkundea negazionismoaren aurrean

  • 2026ko urriak 7, asteazkena
  • 10:00
  • Seminarixoa – BERGARA
HITZALDIA

Ezagutzaren zabalkundea negazionismoaren aurrean

Hitzaldi honek egia zientifikoak eta datu enpirikoak gaur egungo gizartean jasaten ari diren erasoak aztertzen ditu. Sareetan zein komunikabide tradizionaletan zabaltzen diren albiste faltsuek eta korronte negazionistek —bereziki klima-aldaketaren eta osasunaren esparruetan— gero eta oihartzun handiagoa dute. Baina, egia al da gizarteak zientziarenganako konfiantza galdu duela? Zergatik sartzen dira mezu horiek hain erraz? Gaur egungo joera hutsa al da negazionismoa? Galdera horiei guztiei erantzuten saiatuko da Iker Badiola Etxaburu, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria.

Argi dago ezagutzaren zabalkundea egungo testuingurura egokitu behar dela, iritziak eta informazio manipulatuak inoiz baino errazago hedatzen baitira; eta, erronka horri aurre egiteko, funtsezkoa da dibulgazio zientifiko eraginkor, garden eta ulergarria bultzatzea, komunikazio argia eta pentsamendu kritikoa baitira negazionismoaren aurkako botikarik onenak.

Ildo horretan, hezkuntza da gizartea desinformaziotik babesteko tresnarik indartsuena. Azken finean, zientziaren eta adituen sinesgarritasuna berreskuratzea ezinbestekoa da demokrazia bera sendotzeko. Horretarako, ikertzaileen, kazetarien eta erakundeen arteko elkarlana estutu behar da, mezu bateratu eta sendo bat helarazteko. Desinformazioaren aurkako borroka ez da arlo akademikora soilik mugatzen, gizarte osoaren erantzukizun kolektiboa da. Helburua ezagutza partekatua babestea eta etorkizuneko erabakiak espiritu kritikoan oinarritzea da.

HIZLARIA

IKER BADIOLA (Ondarroa, 1978)

2001. urtean Biologia Zientzietan lizentziatu zen eta 2007an doktore titulua lortu zuen EHUn. Unibertsitate horretako Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean irakasle osoa da. Biologia Zelularra eta Histologia Saileko zuzendari akademikoa izan da, eta EHUko Kultura Zientifikoaren Katedraren zuzendaria da 2024tik.

Ikertzaile gazte onenaren saria jaso zuen 2006an Nigatan (Japonia) ospatutko ISCHS kongresuan; 2012an, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak emaniko Jose Antonio Agote saria irabazi zuen, Edurne Alonso Aranarekin batera; Galizako Zientzien Errege Akademiak ematen duen Ernesto Viéitez saria haru zuen 2019an, gibeleko metastasiaren aurkako terapia bat garatzeagatik. Hainbat artikulu zientifiko argitaratu ditu, patente baten sortzailea da, Histologiari buruzko lau liburu idatzi ditu eta hiru doktore-tesi zuzendu ditu. Kopenhage eta Torontoko Unibertsitateetan egonaldiak egin ditu eta  INNOPROT SL eta NANOKIDE THERAPEUTICS SL enpresa bioteknologikoen sortzailea da. Gaur egun gibeleko metastasiaren aurkako terapia berriak lortzeko lanean ari da EHUko Signaling Lab taldean.

Gainera, Badiolak eskarmentu handia du zientziaren dibulgazioan. EHUko Kultura Zientifikoaren Katedraren zuzendari izateaz gain, hainbat komunikabideren ohiko kolaboratzailea izan da, eta minbiziaren oinarri zelular eta molekularrak azaltzen dituen “El cangrejo de Troya” dibulgazio liburua idatzi du.

Ekitaldiaren xehetasunak