IÑAKI ITURAIN: Traineru-estropaden historia eta istorioak

  • 2025ko MAIATZAK 21- Eguaztena
  • 10:00
  • Seminarixoa – BERGARA

HITZALDIA

Traineru-estropaden historia eta istorioak

Donostiako traineru-estropadek historia luzea dute eta hamaika istorio bitxi eta harrigarriak. Horien berri ematera datorkigu maiatzaren 21ean Oriotik estropadez puxka bat dakien arraunzale bat: IÑAKI ITURAIN

Noiz sortu ziren traineru-estropadak? Zergatik? Nondik datoz itsas lehia horiek? Egia al da Donostiako estropadak Bilboko Athletic eta Donostiako Erreala, eta San Mames eta Atotxa baino lehenagokoak direla? Noiztik dauka arraun talde bakoitzak kolore jakin bat, Hondarribiak berdea, Pasai San Juanek arroxa, San Pedrok morea, Donostiak txuria, Oriok horia, Zarautzek urdina, Getariak marroia eta Zumaiak gorria? Egia al da Donostian estropada egun batean hegazkin batetik Francoren Azor yatea bonbardatzeko ahalegina egin zutela? Zer gertatu zen `Franco, Franco, Franco´ jartzen duen Kontxako banderarekin? Zergatik jarri zituen Oteizak 14 apostolu Arantzazun?

HIZLARIA

Iñaki Iturain Azpiroz

Iñaki Iturain Orion jaio zen 1956an. Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Zientzietako ikasketak ditu eginak. Ibilbide profesionala euskarari lotutako lantegietan eman du: HABE, IVAP, IRALE eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila.

Idazteko zaletasuna izan du gaztetatik. Kazetaritza-lanak egin ditu, batez ere. Aia eta Orioko KARKARA (1989) herri-aldizkariaren sortzaileetakoa da. Donostiako Irutxulo astekariaren sorreran ere parte hartu zuen. Artikuluak idatzi ditu hainbat hedabidetan: Argia, Euskaldunon Egunkaria, DVko Zabalik, Irutxulo… Rikardo Arregi kazetaritza-saria eskuratu zuen 1992an.

Zenbait liburu ere plazaratu ditu, gehienak jaioterriari buruzko ikerketetan oinarrituta: Orioko euskararen ezaugarriak, herriko bertsolariak… 2001ean arraunari eta estropadei buruzko liburua eman zuen argitara: `Orioko patroiak, herri txiki baten historia handia´, Oriok Donostian irabazitako lehen banderaren mendeurrenean; 2014an, Memoria Historikoaren esparruko Gerra bat barruan degula idatzi zuen, 1936ko gerrari buruz; eta 2024an, zazpi narrazio biltzen dituen `Denboraren zubia´.

Ekitaldiaren xehetasunak