ION ERREA: ‘Supereroankortasuna, markak hausten!’

  • Urtarrilak 9, astelehena
  • 10:00
  • Kulturate – ARRASATE

Ion Erreak (Donostia, 1984) Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) Fisikako lizentzia (2007) eta doktoregoa (2011) eskuratu ditu. Doktorego osteko ikertzaile aritu da Parisko Université Pierre et Marie Curie-n eta Donostia International Physics Center-en (DIPC). Finalista izan zen 2015 Volker Heine Young Investigator Award sarietan, eta Journal of Physics: Condensed Matter argitalpenak Emerging Leader izendatu zuen.

2018az geroztik, EHUren Materialen Fisika Zentroan Quantum Theory of Materials ikertaldeko burua da, eta, 2015etik, irakaslea Fisika Aplikatua Sailean (EHU) eta DIPCeko ikertzaile elkartua.

Bere ikerketa-ildo nagusia solidoen propietate konplexuak kalkulatzeko metodo teorikoak garatzea da: efektu kuantikoak eta ez-harmonikoak bibrazio atomikoetan; elektroi-fonoi interakzioa; eta metodo horiek aplikatzea supereroaleetan, hain zuzen, hidrogenoan oinarritutakoetan, material termoelektrikoetan, solidoen eta nanoegituren fase-trantsizioetan eta abarrean.

Ion Errea liderra da ERC-European Research Councilek finantzatzen duen Starting Grant proiektuko Discovery and Characterization of Hydrogen-Based High-Temperature Superconductors egitasmoan. Gainera, beste agentzia batzuek finantzatzen dituzten ikerketa-proiektuetan hartzen du parte (Espainiako Gobernua, PRACE, etab.).

Ikerketa-lan horien guztien ondorioz artikulu zientifikoak argitaratu ditu ospe handiko aldizkarietan, esaterako Nature, Proceedings of the National Academy of Sciences of the United States of America, Nano Letters eta Physical Review Letters argitalpenetan. Era berean, hizlari aritu da nazioarteko hamaika biltzarretan.

Hitzaldia: ‘SUPEREROANKORTASUNA, MARKAK HAUSTEN!

Supereroankortasuna materialen konplexutasuna islatzen duen propietate berezi eta bikaina da. Metal batzuk, tenperatura ia zero absolutura jaisterakoan, euren erresistentzia elektriko osoa galtzen dute. Supereroaleak, beraz, itzelezko materialak dira, ez baitiote korronte elektrikoari inongo erresistentziarik ezartzen, eta ondorioz, galerarik gabeko elektroi garraioa lortzeko eta eremu magnetiko bortitzak sortzeko erabil daitezke. Honek, teknologia iraultza bat ekar lezake esparru askotan. Supereroaleak lortzeko tenperatura oso hotzak behar direnez ordea, supereroaleen teknologia oso poliki ari da garatzen tamalez.

Giro-baldintzetako supereroankortasuna lortzea da, hortaz, fisikaren erronkarik nagusienetakoa. Azken bost urteetan aurrerapen handiak egon dira hidrogeno konposatuetan. Inoiz behatu diren supereroale beroenak deskubritu dira, 15ºC-tan ere supereroale direnak. Tamalez, oso presio handia behar da hauek supereroale bihurtzeko. Itxaropena dago, ordea, hidrogenotan aberatsa den konposaturen batean giro-presioan ere tenperatura altuko supereroankortasuna behatzeko.

Hitzaldi honetan supereroankortasunaren historia errepasatu eta azken urteek emandako itxaropen berriak aztertuko dira.

Ekitaldiaren xehetasunak