
- 2025eko Martxoak 12, eguaztena
- 10:00
- Seminarixoa – BERGARA
HITZALDIA
Arizmendiarrieta: pentsamendua eta herrigintza
Jose Mari Arizmendiarrrieta (Markina, 1915 – Arrasate, 1976) Arrasateko San Juan Bataiatzailea parrokiako apaiz-laguntzaile izan zen 35 urtez, 1941an heldu eta hil egin zen arte. Arrasateko Esperientzia Kooperatiboaren eragile nagusi izan zen, lanaren gainean egindako gogoeta eta sustatutako proiektuaren bidez, eta, horregatik, XX. mendean Euskal Herrian izan zen pertsonarik interesgarrienetakoa dugu, Leintzeko bailaraz haraindi.

Ekitaldi honetan, haren eginkizunen zergatia eta oinarria azalduko ditugu. Horretarako, haren pentsamenduaren iturri kultural eta filosofikoak aztertuko ditugu, eta bere jarduna Euskal Pizkundea, Gasteizko Seminarioa eta modernitatearen erronken aurrean nola kokatzen zen aurkeztuko dugu. Horrekin guztiarekin, euskal pentsamenduan duen tokia argituko dugu, eta are gehiago: sustatutako kooperatibismoa euskal herrigintzara nola zuzentzen zen ikusiko dugu, herrigintza gizagintzan nola sustraitzen zen aditu, eta gizagintza espiritualtasunak nola ongarritzen zuen ulertu.
HIZLARIA
Jon Mentxakatorre (Galdakao, 1992), Giza Zientzietan graduatua da (Deustuko Unibertsitatea) eta Filosofian doktorea (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa). Mondragon Unibertsitatean ari da, euskal kultura, gaur egungo gizartea eta hezkuntza gaien gainean irakas-ikerketan. Filosofia Saileko arduraduna da UEUn. Arizmendiarrieta, gizagile eta herrigile liburuaren egilea da (IDTP/ Arizmendiarrieta Kristau Fundazioa, 2024) eta Euskal pentsamenduaren garabideak bildumaren argitaratzaile (UEU, 2024).
