JOXEMARI ITURRALDE: Literaturak kontatzen diguna: Euskaldunak munduan zehar eta atzerritar ospetsuak Euskal Herrian

  • 2023, OTSAILAK 6, Astelehena
  • 10:00
  • Kulturate – ARRASATE

Joxemari ITURRALDE (José Mª Iturralde Uria) 1951ko urriaren 20an jaio zen Tolosan. Iruñeko Universidad de Navarra delakoan amaitu zuen lizentziatura Filosofia eta Letretan, Lenguas Románicas sailean, 1973an. 1975etik hasita zenbait Institututan aritu da irakasle. 1985az geroztik Euskara eta Euskal Literaturako Katedraduna izan da, Batxilergo mailan.

1977an Bilbon, ‘POTT’ banda literarioa sortu zuen Bernardo Atxaga, Manu Ertzila, Jon Juaristi, Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandiarekin batera. ‘Henry Bengoa inventarium’ ikuskizuna eman du ezagutzera, Bernardo Atxaga eta Ruper Ordorikarekin batera.

Aldizkari, egunkari eta publikazio ugaritan idatzi izan du urtetan (Arteleku-ko ‘ZEHAR’ aldizkarian, ARGIA aldizkarian, XAGUXARRA, AKADEMIA SEKRETUA, GARZIARENA aldizkarian, EMAK BAKIA BAITA argitaletxeko proiektuetan, egunkari askotan, EGUNKARIA, BERRIA eta MUGALARI gehigarri kulturaletan, Euskaltzaindiaren ERLEA aldizkarian eta abar…).

Hainbat musikari eta abeslarirekin ere egin du lan zenbait proiektu musikaletan eta bere poemak hainbat abeslarik (Ruper Ordorika, Jabier Muguruza/Les Mecaniciens, Alaitz eta Maider…) eta abesbatzak (Xun-Xume, Hodeitruk…) abestu eta grabatu egin dituzte.

Liburu ugari euskaratu ditu beste hizkuntzetatik egindako itzulpenetan. Euskal PEN Klubaren (Basque PEN) sortzaileetako bat da eta Lehendakariordea izan da.

Literatur Tailerrak ematen ditu azkenaldi honetan, helduentzat, idazketa literarioa lantzeko, literaturaren mundura hurbiltzeko.

Euskaltzain Urgazle da (Euskaltzaindiko akademikoa).

Argitaratutako liburuen zerrenda

HITZALDIA: “Literaturak kontatzen diguna: Euskaldunak munduan zehar eta atzerritar ospetsuak Euskal Herrian”

Azken mende hauetan idatzi diren liburuak aintzat hartuz, Literaturak idatzita utzi digun testuak kontuan hartuta, errepaso bat egingo dugu ikusiz zer-nolako ibilaldiak egin dituzten euskaldun ezagunak mundu osoan zehar eta, beste aldetik, aipatuko ditugu atzerritar ospetsu batzuk esan zutena Euskal Herriari buruz honaino bisitan etorri zirenean.

Istorio bitxiak, anekdota xelebreak, elkarrizketa ahaztezinak…, horretarako eta gehiagorako ematen du Literaturaren irakurketak. Geuk ere, beraz, ibilaldi bat egingo dugu saio honetan, Literatura lagun dugula.

Ekitaldiaren xehetasunak