
- 2026ko URTARRILAK 14, eguaztena
- 10:00
- Santa Ana – OÑATI
GAIA
XVII. eta XVIII. mendeetako Euskal Herriko hizkuntza-paisaiaren berreraikuntza osatzea ez da lan erraza, helburu horretarako iturri zuzenik ez dugulako. Beraz, zeharkako iturriak erabili behar ditugu, oso desberdinak gainera, sortu zirenean horretarako pentsatuak izan ez zirenak: epaiketetako adierazpenak, bidaiarien iruzkinak, medikuen kontratuak, elizako publikatak eta abar.
Hizkuntza zeharkako elementua denez, guztia hartzen du bere baitan: gizartea, kultura, ekonomia, politika… Hau dela eta, hizkuntzaren historian sakontzea, hura sostengatzen duen gizartearen historian sakontzea da.
Beraz, urte hauetan zehar lurralde eta eskualde bakoitzean euskarazko hiztunen portzentajea berreraikitzea da kontua; zein eremutan erabiltzen zen ahoz eta zeinetan ez; euskaraz zer idazten eta irakurtzen zen; erakundeen hizkuntza politikak…
Orokorrean, funtsezkoa da ahalik eta zehatzen neurtzea euskarazko elebakarren portzentajea, hau da euskara baino ezagutzen ez zutenena; izan ere, haien elebakartasunak baldintzatzen zuen elebidunen erabilera, elebidunek derrigorrez erabiltzen baitzuten elebakarren hizkuntza elkarrekin hitzegiteko.
Hori guztia kontuan hartuta, ikuspegi orokor bat eskaintzen saiatuko naiz, aldi kronologiko honetan izandako bilakaera aintzat hartuta.
HIZLARIA
Juan(txo) Madariaga Orbea Madrilen jaio zen, familia bizkaitar baten magalean. Filosofia eta Letretako ikasketak Madrilgo Complutense Unibertsitatean egin ondoren, Oñatira etorri zen bizitzera, eta bertan urte luzez bizi izan zen. EHUren baitan Historian doktoretza eskuratu zuen eta Bergarako UNEDen lan egin zuen, eta zuzendari lanak ere burutu zituen. Ondoren Nafarroako Unibertsitate Publikora igaro zen, jubilatu zen arte. Halaber, Eusko Ikaskuntzako “JakinetEusko Ikasgaietan” ikastaroaren irakasle eta zuzendari izan zen. 2020. urtetik aurrera, “Iura Vasconiae” Fundazioak sustatutako Vasconiako historialari, jurista eta pentsalari politikoen hiztegia argitalpenaren zuzendaria da, eta Fundazio horretako lehendakariordea ere bada.
Gizarte-, kultura- eta mentalitate-historiarekin lotutako ikerketetan espezializatuta dago. Zehazki, hainbat gairi buruz aritu da lanean: Udal antolaketa, herri-erligiositatea, heriotzaren inguruko jarrerak, zinemaren eta historiaren arteko harremanak, eta hizkuntzak herri iruditeri-sozialaren konfigurazioan —eta bereziki euskararen kasuan— betetzen duen eginkizuna. Azkenaldian, XVII. eta XIX. mendeetako Gipuzkoako liburutegi pribatuak aztertzen dihardu. 10 libururen egilea da, eta 60tik gora artikulu eta lan kolektiboetan parte hartu du. Gainera, 7 doktore-tesi zuzendu ditu.
Hitzaldi honen gaiari lotutako argitalpenen artean aipa ditzakegu: “Un mar de prejuicios: fundamentos ideológicos de la política lingüística represiva y desdeñosa relativa a la lengua vasca” (2009 eta 2013); Apologistas y detractores de la lengua vasca (2006 eta 2008); Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII yXVIII (2014); “La mediación lingüística entre la población vasca y las instituciones, 1600-1840” (2014); “La lengua vasca en tiempos de Pedro de Fontecha y Salazar” (2018); “Donostia y sus lenguas en el siglo XVIII” (2023) eta Elebakartasun garaiak. Euskararen historia soziala Bergaran, 1600-1876 (2025).
