
- 2025ko Otsailaren 3, astelehena
- 10:00
- Kulturate – ARRASATE
GAIA
Hitzaldi honetan, umorearen inguruko ikuspegi panoramikoa eskaintzen ahaleginduko gara.
Hasteko, umoreari buruzko topiko batzuk aztertzen hasiko gara: umorea ona al da? Euskaldunak serioak al gara?… Eta segidan, umorea sortzeko baldintzez arituko gara, umoreak betetzen dituen funtzioez, eta dituen, edo izan beharko lituzkeen, mugez.
Umoreak gizartearekin batera eboluzionatzen du eta gure umore-jarrerak eta iturriek ere aldaketa nabarmenak izan dituzte. Duela berrogei urte eta gaur gauza berdinekin egiten al dugu barre? Zertan aldatu da gure umorea? Esate baterako, zer nolako bilakaera izan du umore politikoak? Eta generoari dagokionez, zer aldaketa gertatu dira?
Amaitzeko, euskal umorearen inguruko errepaso historikoa egingo dugu, esaldi misteriotsu bat argitu nahian: “Hau dun/k umorea, utzi alde batera euskaldun jendea!”
Hori guztia, umorez zipriztinduriko hitzaldi serio batean.
HIZLARIA
Kike Amonarriz Gorria (Tolosa, 1961)
– Euskal Filologian lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean 1985. urtean.
– Tolosako gau-eskolan irakasle, 1978tik 1980ra. Tolosaldea Birreuskalduntzeko Elkartearen partaide eta liberatu 1980tik 1983ra. Tolosako Udal Euskara Zerbitzuburu 1984tik 1989ra.
– Tolosaldeko Galtzaundi Euskara taldearen sortzailea (1990) 2019tik 2023ra lehendakaria.
– Tolosako Laskorain Ikastolako Lehendakari 2007tik 2010era.
– SIADECO Ikerketa taldeko partaide 1989tik 1999ra. Bertan, Iñaki Larrañagaren gidaritzapean, alor soziolinguistikoaren arduradun. Parte hartutako ikerketen artean: herrietako azterketa soziolinguistikoak, kaleko erabileraren neurketak; hitzarmengintza, gazteak, etab.
– Umore alorrean, txiste-kontalari aritua 1982tik 1990era. Argia astekarian txisteak astero 1981etik 2014ra bitartean. “Txisteka-Misteka” 4 kasete eta 6 txiste liburu.
– “Zazpiak Batman” kolektiboko partaide gisa, hizkuntzaren adierazkortasunari buruzko hiru hitzaldi-txou eskainitakoa Asisko Urmeneta eta Antton Olariagarekin (2000-2007).
– ETBko hainbat programatan aktore, gidoilari, aurkezle edo/eta zuzendari. Aipagarrienak: “Funtzioa” (1989-91), “Hau da A.U.” (1990), “Beni eta Marini” (1992), “Balinda” (1993-94), “Txiskola” (1995-96), “Sikofonia” (1998), “Bai zera!” (1999), “Barrebusa” (1999-2000), “Mihiluze” (2006-13), “Tribuaren berbak” (2013-15), “Burubero” (2015-17) eta “Sagak” (2018).
– Argiaren sail komertzialeko partaide eta harpidedun-saileko arduradun (2001-2005).
– Euskararen Aholku Batzordeko kidea 2002tik 2011ra arte eta 2014tik gaur arte. Batzordearen eskariz “Euskararen kalitatea. Zertaz ari garen, zergatik eta zertarako” txostena landu zuen Joxerra Garzia eta Andoni Egañarekin batera 2004. urtean.
– Bai Euskarari Ziurtagiriak banatzen duen “Bai Euskarari Laguna” Saria jaso zuen 2014an eta Gipuzkoako Foru Aldundiak banatzen duen Anton Abbadia saria 2015ean.
– Soziolinguistikari buruzko hainbat artikulu liburu eta aldizkari espezializatuetan eta prentsan: BAT aldizkaria, Jakin, Campus, Erlea, Hermes, Revista de Llengua i Dret, Egunkaria, Berria, Argia…
– Soziolinguistikari buruzko hitzaldi ugari. Baita ponentziak hainbat kongresutan.
– 2019an Euskararen bidegurutzetik liburua argitaratu zuen Elkar argitaletxean.
– 2019tik 2023ra Euskaltzaleen Topagunearen lehendakaria da eta Euskaraldiaren sustatzaile eta Batzorde zientifikoko kide. Era berean, Topalabea hausnarketa-taldeko kide, eta “Berrikasi eta berrikusi” (2015) eta “Berrindartu eta jauzi” (2020) txostenen egilekide.
