Kurtso amaierako BERTSO SAIOA

  • 2026, Maiatzak 27, eguaztena
  • 10:00
  • Santa Ana Antzokia- OÑATI

Azken bi urteetan, sasoi honetan antolatutako bertsoaldiek izan zuten harrera bikaina kontuan hartuta, berriro ere bertso-saio bat eginez jarriko diogu amaiera aurtengo Ikasturteari.

Maialen Lujanbio, egungo Euskal Herriko Bertsolari Txapelduna, eta Aitor Tatiegi eta Ane Zuazubiskar, debagoiendar bertsolari gazteak gonbidatu ditugu aurten. Gaiak Goienagusiko bertsozale talde batek prestatu ditu eta aurkezpen lana Xabier Ormaetxea atxabaltarrak egingo du.

Saioaren amaieran, oporraldia ondo hasteko, Oñatiko Udalak luntx goxoa eskainiko digu bertaratzen garen guztioi.


MAIALEN LUJANBIO

– Maialen Lujanbio (Hernani, 1971). 2022ko txapela irabazita, Euskal Herriko egungo bertsolari txapelduna da Lujanbio, 2009 eta 2017an egin moduan. 2001ean eta 2013an txapeldunorde izan zen. 1997tik beti sailkatu izan da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako. Euskal Herrikoaren aurretik, 2003an Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa ere irabazi zuen.

Hainbat berritasun ekarri dizkio bertsolaritzari: doinu berriak sortu izanaz gainera, bertsotan istorioak sortzeko eta deskribapen zinematografikoak egiteko ahalmen bizia duela esaten da, bertsotara xehetasunak ekartzekoa, alegia. Gaur egun sorkuntzari emana bizi da batez ere, eta bertsolaritza du jardun nagusia.


AITOR TATIEGI

– Aitor Tatiegi (Oñati, 2001).  2010ean hasi zen Oñatiko Txinparta bertso eskolan. Hainbat eskolarteko txapelketatan kantatua, 2019an Gipuzkoako eskolarteko txapelketako txapelduna izan zen. Geroztik hainbat sariketatan parte hartu du. Duela bi urte, bigarren izan zen Osinalde sariketan. Bigarren egiteaz gain, entzuleen eta bertsorik onenaren saria ere eskuratu zuen. 2024an Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean parte hartu zuen eta Bertsolari Gazteen Lizardi Saria irabazi zuen. 2025ean Osinalde Saria irabazi zuen.


ANE ZUAZUBISKAR

– Ane Zuazubiskar (Arrasate, 1997). Zortzi urte zituenean hasi zen Arrasateko bertso-eskolan, Patxi Goikoleak eta Haur Hezkuntzako irakasle batek bultzatuta. Egun, Aramaioko bertso eskolako kide da, eta irakasle lanetan ari da Aretxabaletako Lekaixoka bertso-eskolan. Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak ditu, eta Berria egunkarian eta Euskadi Irratian aritu izan da kazetari moduan. 2015eko Gipuzkoako Txapelketa izan zen parte hartu zuen lehena. 2022 urtean Osinalde sariketa irabazi zuen. Duela bi urte Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartu zuen.

 

Ekitaldiaren xehetasunak