
- 2023ko URRIAK 23, astelehena
- 10:00
- ARRASATE
HITZALDIAREN GAIA: ‘BITASUNAK’
Horrela laburbildu digu Lourdes Oñederrak egingo duen hitzaldiaren edukina:
‘Bitasunak, zorioneko bitasunak. Bizitzan zehar ibiltzeko nolbaiteko oreka eman didanaz pentsatzean, bitasunak agertzen zaizkit, biren arteko tinkadurak eutsi balit bezala aurrera egitean.
Halakoak baliatu ditut (batez ere zerrendako lehenengoak) aurkezpenean: idazle eta hizkuntzalari, euskaradun eta gaztelaniadun sortzez, ikerlaari eta irakasle, hizkuntzalari eta euskaltzain (jakintza eta araua, alegia), Miren-Lourdes, donostiar-gsteiztar …’
BIOGRAFIA
Oinarrizko ikasketak Donostian egin ondoren, Filologia Hispanikoan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean (1975-1980). Hizkuntzalaritzako master ikasketak 1980-1982 artean egin zituen AEBko Iowako Unibertsitatean. Euskal Filologiako doktoregoa, aldiz, Euskal Herriko Unibertsitatean burutu zuen 1987an, euskal palatalizazioaz egindako tesiarekin, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean.
Irakasle aritu zen euskara eskolak ematen Donostiako EUTGko Hizkuntza Eskolan (1976-1980), Euskaltzaindiaren B titulua lortzeko ikastaroetan (1979-1980) eta gaztelania nahiz fonetika eskolak ematen Iowako Unibertsitatean (1980-1982).
1982an fonologia irakasle izan zen Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean, Txillardegiren segida hartuta. Ondoren, EHUren Letren Fakultatean eman ditu fonetika eta fonologia eskolak irakasle laguntzaile (1982-1987), tituludun (1987-2007) eta katedradun (2007-) gisa. Halaber, Gasteizko campuseko dekanoorde (1992-1994) eta Euskal Filologiako sailburu (1995-1997) izan da. Guatemalako, Austriako eta AEBko unibertsitatetan ere aritu da irakasle gonbidatu gisa.
Graduatu ondoko eta doktoregoko ikastaroak eman ditu EHUn, Deustuko Unibertsitatean, Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoan, Menéndez Pelayo-CSICen, eta abar. Orobat, hainbat doktore tesiren zuzendari izan da. Biltzar ugaritan parte hartu eta hitzaldi nahiz ikastaroak eman ditu Espainian, Euskal Herrian, Alemanian, Suitzan, Katalunian, Ingalaterran, Polonian, eta abar.
Euskaltzaindiko lanari dagokionez, bereziki euskararen ahoskeraz arduratu da 1993tik.
Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko kide (2009-) eta EITBko hizkuntza aholkulari (2001-2003, 2011-2013) gisa aritu da.
Hurrengo jakintza elkarteetako kide izan da: Linguistic Society of America, Societas Linguistica Europaea, International Association for Natural Phonology, Sociedad Lingüística Española, Julio Urkixo Euskal Filologia Mintegia, eta abar.
EHUren ASJU aldizkariko idazkaritzakide (1988-) izateaz gain, ondoko aldizkarietan ere argitaratu ditu artikuluak: Journal of Basque Studies, Folia Linguistica, Parallela, Bat Soziolinguistika Aldizkaria, Phonologica, Mundaiz, Phonology, Ere, Oh! Euzkadi, Hika, Euskaldunon Egunkaria, Berria, Zehar, Bake Hitzak, Diario de Noticias de Gipuzkoa, Diario de Noticias de Álava, Geu, Erlea, Argia, eta abar.
1999an argitaratu zuen Eta emakumeari sugeak esan zion lehen eleberria eta arrakasta handia izan zuen berehala: Espainiako Kritikaren Saria (1999), Beterriko Liburua Saria (2000), Gipuzkoako Liburudenden Elkartearen Zilarrezko Euskadi Saria (2000), Espainiako Narratiba Sari Nazionalean finalista, Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Literatura Saria (2000), eta abar. Horrez gainera, gaztelaniara, ingelesera, errusierara eta italierara itzuli da obra.
2007an, Durangon taularatu zen berak itzulitako Sommer jaunaren istorioa (Patrick Süskind) eta 2013an bigarren eleberria argitaratu du: Intemperies (babes bila).
2019ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira EHUk omendu zituen bost emakumeen arteko bat izan zen, Arteak eta Giza Zientziak atalean. Orobat, unibertsitate berak Bihotz ahots : M.L. Oñederra irakaslearen omenez liburua eskaini zion 2019an. 2021ean Noticias Taldearen Ortzadar saria jaso zuen.