Mendi ibilaldia (eta sagardotegian bazkaria) ZARAUTZ- GETARIA inguruan

2026, OTSAILAK 26, Osteguna

Sagardotegiko txotx sasoian bete betean sartuta gaude, eta gu ere sagardotegira goaz, azken urteotan sortzen dugun giroaz gozatzeko, sagardoaz beste. Eta horretarako kosta aldea, Zarautz eta Getaria ingurua, aukeratu dugu. Baina …

Noiz edo noiz, izaten ditugu ezusteak. Eta hori bera gertatu zaigu oraingoan mendi irteeretako antolatzaile taldeari. Hasiera baten Pagoetako irteera genuen aurreikusita, Aiako Iturriotzen hasi eta Pagoetatik pasata, Zarautzeko Izeta sagardotegian bukatu. Baina azkenengo euriteekin, bidea zeharo lokaztu da, eta Pagoetatik Urdanetara jeisteko bideak, badu leku bat nahiko deseroso, eta agian arriskutsua, bihurtu dena. Beraz, antolatzaile taldekoek bidea aldatzea erabaki dugu.

Ibilbidea Zarautzen hasiko dugu, eta zuzenean Santa Barbara ermitara joango gara. Santiago bidea baliatuko dugu lehenengo igoera hau egiteko, baina nahi duenak izango dugu aukeran igogailua. Denok ezagutzen dugu Santa Barbara. Bertatik Zarautzeko hondartzako ikuspegi ederrak ikusiko ditugu. Berriro Santiago bideari helduko diogu, eta Getaria aldera joko dugu. Bidean zehar zelaiak, mahastiak eta itsasoko ikuspegi paregabeak izango ditugu une oro, oso leku polita benetan. Getarian tentazioari gogor eutsiz, leku ederra baita gelditu eta txakolin bat hartzeko, aurrera jarraituko dugu eta Askizu auzora helduko gara. Bertako elizan egingo dugu hamarretakoa. Eta hemendik Zarautzera joko dugu berriz. Baina oraingoan, barrukaldetik joango gara, eta itsasoa ikusi beharrean, mendia ikusiko dugu: Pagoeta, Ernio eta Gazume, Izarraitz, Andutz, … Eta bukatzeko, Vista Alegre dorretik pasatuko gara. Nork ez du ikusi ‘Dantza’ pelikula, eta bertan egiten den Xiberuako branlea? Eta ibilbidea bukatzeko, Zarautzera jetsiko gara. Eta orain bai, izango dugu aukera txakolin bat, edo bi, hartzeko, bazkaltzera joan aurretik. Ohar bat: Zarautzen ez dago lekurik autobusa gure zain egoteko, gero arropaz aldatu ahal izateko. Baina, aurreko egunetan emango ditugu xehetasunak nola antolatzen dugun hau. Adi egon beraz.

Eta gero, IZETA sagardotegira joango gara bazkaltzera. Baina oinez heldu beharrean, autobusean joango gara. Kanturako planak ez dira aldatuko, ez. Prest zaudetenak, GOIENAGUSIk atera duen Kantu liburuxka eraman, eta bera estreinatzeko aukera ezin hobea izango duzue. Seguru gaude egun borobila izango dela, berriz ere.

XEHETASUNAK

– Ibilbidea: Zarautz – Santa Barbara – Getaria – Askizu – Garate gaina – Vista Alegre – Zarautz. 

  • Luzeera: 13 km
  • Desnibela: 400 mt.
  • Denbora: 3 ordu eta erdi

– Tracka:  wikiloc

– Bazkaria: Zarautzeko IZETA Sagardotegian 

– Gehienezko kopurua: 70 lagun.

– Bidaia: Autobusez.

– Autobusaren ordutegia:

    • 08:00 – Eskoriatza
    • 08:05 – Aretxabaleta
    • 08:10 – Arrasate
    • 08:15 – Elorregi
    • 08:20 – Bergara

– Izena emateko egunak: Otsailaren 16-tik 18-ra bitartean.

– Prezioa: Bazkideak 50 €; Ez-bazkideak 55 €

– Ordainketak, transferentzia bitartez, izen emate epearen barruan egin beharko dira. Ez dira onartuko lehenago edo geroago egindakoak.

    • Laboral Kutxa:  ES17 3035 0001 5100 1012 0969 (Onuraduna; GOIENAGUSI KULTUR ELKARTEA)
    • Kutxabank: ES89 2095 5070 7091 2324 7784 (Onuraduna: GOIENAGUSI KULTUR ELKARTEA)

 

Ekitaldiaren xehetasunak