
- 2023, Azaroak 20, astelehena
- 10:00
- Arrasate (Kulturate)
Hitzaldiaren sinopsia
Gizartearen zahartzearekin batera adinari loturiko gaixotasunek geroz eta garrantzia handiago dute. Horien artean narriadura kognitiboa (memoria, arreta, hizkuntza eta orientazio arazoak esaterako) eragiten dituzten gaixotasunak nabarmentzekoak direlarik. Azken hauen artean ezagunena Alzheimerren gaixotasuna da.
Gaur egun, Alzheimerren gaixotasuna goiztiarki diagnostikatu genezake, dementzia garatu aurretik, lehen sintomekin batera. Ezinbestekoa da zahartze prozesu osasuntsuan ager litezkeen aldaera kognitibo ohikoak Alzheimerren gaixotasunaren lehen sintometatik ezberdintzea. Hori ahalbidetzeko bada iada hamarkada bat klinika praktikoan eskuragai baditugula gaixotasuna garaiz eta ziurtasun handiarekin diagnostikatzeko tresnak (biomarkatzaileak esaterako) eta nola ez narriadura kognitiboa eragin dezaketeen beste gaixosatunak diagnostikatzeko ere.
XXX
Diagnosi goiztiarra ezinbestekoa da gaixotasunaren garapena benetan alda dezaketen tratamenduak ezarri ahal izateko. Azken urteotan berri onak izan ditugun tratamenduei dagokionez, lehen aldiz gaixotasunaren bilakaeran eragin kliniko eta biologikoa izan dezakeen tratamendua eskuragai dagoelarik Estatu Batuetan 2023.urteko uztailetik. Tratamendu hau lehen urrats bat besterik ez da, izan ere ez du gaixotasuna sendatzen, eta mesede klinikoa esanguratsua bada ere ez da oso handia. Edonola ere zalantzarik gabe itxaropena dakar guztiontzat.
XXX
Kontextu honetan narriadura kognitiboa zer den eta berau eragin dezaketen gaixotasun ohikoenen ezaugarriak (Alzheimerren gaixotasuna barne noski) zehaztuko dira hitzaldian. Diagnosi goiztiarra nola egiten den ere azalduko da eta baita gaur egun eskuragai dauden tratamendu aukerak jorratuko dira. Nola ez, osasun ohitura osansutsuek narriadura kognitiboa garatzeko izan dezaketeen mesedeak ere aztertuko ditugu. Azkenik, hitzaldiaren amaieran azken hilabeteetan gure inguruan egin diren ikerketa lan garrantzitsuenen inguruan hitz egingo dugu.
XXX
HIZLARIA
XXX
MIREN ALTUNA CITA-Alzheimer fundazioko neurologoa eta doktoratu ondoko ikertzailea da.
XXX
Medikuntza eta Kirurgian lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean (2013), neurologoa BAME bidez Nafarroako Unibertsitate Ospitalean (2013-2017), BAME osteko espezializazioa kognizioaren eta jokabidearen patologietan, Bartzelonako Santa Creu i Sant Pau Ospitaleko Alzheimer-Down eta Memoria Unitateetan (2018-22), eta Osasun Zientzietan doktoratua Nafarroako Unibertsitate Publikoan (2021). Gipuzkoako Medikuen Elkargoak (2022) Doktoretza Tesi Onenaren Ignacio María Barriola saria eman zion Alzheimerren gaixotasunean biomarkatzaile epigenetikoak identifikatzea izenburutzat zuen bere tesiari.
XXX
2020 eta 2022 bitartean Carlos III. Institutuko Rio-Hortega ikerketa-kontratu lehiakorraren onuraduna.
XXX
2022ko martxotik, neurologo klinikoa eta doktoratu ondoko ikertzaile independentea da Donostiako CITA-Alzheimer fundazioan, eta Down sindromea duten pertsonen baitan Alzheimerren gaixotasunari buruz abian dauden bi proiekturen ikertzaile nagusi da (horietako bat Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du eta bestea EITB maratoiak). Gaur egun, lan hori Osakidetzako neurologo asistentzialarenarekin bateratzen du. Azken hau Mendaro eta Eibarreko ospitaleetan egiten duelarik.
Ekitaldia partekatu