
- 2025eko MAIATZAk 19, astelehena.
- 10:00
- Kulturate – ARRASATE
Hitzaldi honetan, nagusiki, Euskal historiaren pasarte interesgarri bezain ezezagun bat izango du mintzagai Xabier Irujok: “Étienne Polverelen Nafarroako Independentziaren defentsa”. Gero, aipamen laburragoak egingo ditu Nevadako Unibertsitatean ikertzen eta irakasten duen genozidioaren gaiari buruz eta, baita ere, une honetan Estatu Batuetako politikan indarrean dagoen trumpismoaren inguruan.
HIZLARIA
Xabier Irujo
Caracasen (Venezuela) erbestean jaioa, 1967an, Xabier Irujo Nevadako Unibertsitateko Renoko Euskal Ikerguneko zuzendaria da, eta bertan genozidio ikasketetako katedratikoa da.
Xabier Irujo Liverpooleko Unibertsitateko lehen Manuel Irujo irakasle bisitaria izan zen, eta Massachusettseko Amherst Unibertsitateko William Douglass Katedrako eta Boise State Universityko Eloise Garmendia Katedrako irakasle bisitaria ere izan da.
Filologian, Historian eta Filosofian lizentziatua, bi doktorego ditu historian eta filosofian.
Graduondoko eta doktoregoko ikasle askoren tutore izan da eta doktorego-tesi batzorde ugari zuzendu ditu.
Irujok Amerikako eta Europako hogeitahamar bat unibertsitateetan eman ditu hitzaldiak, baita erakunde akademiko edo kulturaletan ere (gobernuak, parlamentuak, museoak eta liburutegiak).
Europako eta Amerikako sei argitaletxe akademiko eta unibertsitateko batzorde zientifikoetako parte da. Irujok hogei liburu baino gehiago eta artikulu ugari idatzi ditu aldizkari espezializatuetan, eta nazio eta nazioarteko sariak eta aintzatespenak jaso ditu.
Euskal historiarekin eta politikarekin zerikusia duten gaiak argitaratu ditu, eta bere ibilbidean genozidio-ikasketetan espezializatu da sarraski fisiko eta kulturalean arreta jarriz.
Azken hogei urteak Gernikako bonbardaketaren azterketari eskaini ditu eta Gernikako Dokumentazio Zentroarekin elkarlanean aritu da bonbardaketaren inguruko artxibo-materialaren bila. Ikerketa horien emaitza dira Gernikako bonbardaketari eta euskal erbeste politikoari buruzko bere bi trilogiak.
Bere azken liburuen artean ondoko hauek nabarmentzen ditugu: Charlemagne’s Defeat in the Pyrenees: The Battle of Rencesvals (Amsterdam University Press, Amsterdam, 2021), Historia jurídica de la lengua vasca (HAEE, Bilbao, 2022), Gernika: Genealogy of a Lie (Sussex Academic Press, 2019), La mecánica del exterminio (Editorial Crítica, 2024)
HITZALDIA
GAI NAGUSIA: Étienne Polverelen Nafarroako Independentziaren defentsa
Étienne Polverelek, Nafarroako Erresumako sindikoak, 1789an Frantziako Batzar Konstituziogilearen eta Frantziako erregearen aurrean defendatu zuen Nafarroako estatua erresuma independentea zela eta inoiz ez zela Frantziako edo Gaztelako Erresumen parte izan. Horren ondorioz, bere mendekoak ez ziren ez frantsesak ez gaztelaniak, baizik eta nafarrak. Beraz, Batzar Nazionalak ez zuen ez eskubiderik ezta ahalmen juridikorik ere nafarren konstituzioa, hau da, foruak, aldatzeko. Nafarroako Erresumako Estatu Orokorrek agindu zioten sindikoari printzipio hauek egiaztatzen zituzten dokumentuak biltzen zituen liburua argitaratzea.
Polverelen liburua Nafarroako Erresumaren historiako dokumentu politiko garrantzitsuenetako bat da. Nafarroaren independentzia politikoaren defentsa arrazoitua da, eta erresumaren beraren erakundeek idaztea agindu, babestu eta argitaratu zuten 1789ko Iraultzaren gehiegikerien aurrean.
BESTE GAI BATZUK: Genozidioak; Trumpismoa
