
- 2025ko ABENDUAK 3, eguaztena
- 10:00
- Santa Ana – OÑATI
“Gabriel Aresti Segurola (Bilbao, 1933) euskal idazle eta poeta izan zen, XX. Mendeko euskal literaturaren berritzaile nagusietarikoa, bai formaren, bai edukien aldetik. 1960ko hamarkadan, garai harekin oso lotuta, poesia sozial eta kritikoa egin zuen, Euskal Herriaren egoera salatzeko.” (Ikusi gehiako Wikipedian)
HITZALDIA
Saio honetan, Gabriel Arestiren bizitzaren eta obraren zertzelada nagusiak ekarriko ditugu gogora, haurtzaroko urte ilunetatik hasi eta 41 urte zituela hil zen arte. Bizitzan oinarri eta mugarri izan zituen ideiak aztertuko ditugu, zenbait olerki irakurriz eta komentatuz. Era berean, bilbotar idazlea hil zela 50 urte betetzen diren honetan, Gabriel Arestik egungo gizarteari egingo lizkiokeen galderak eta kritikak asmatzen ahaleginduko gara, beraren izpirituak bizirik dirauela erakusteko asmoz.
HIZLARIA
Xabier Monasterio
• Bilbon jaio zen 1959an. Bilbotarra lau aldeetatik, bihotzaren zati bat Lekeition badu ere eta jatorriak Errigoitirekin lotzen badu ere.
• Bere etxera telebista berandu samar heldu zenez gero, txiki-txikitatik irakurle porrokatua eta liburuen maitalea.
• Urteetan aurrera joan ahala, liburuenganako maitasuna hazi baizik ez zaio egin. Hainbesteraino, ezen gaztetatik bai baitzekien liburugintzaren inguruko zerbaitetan lanegingo zuela.
• Ikasketa garaian letrak maitatzen zituen eta zientziak gorrotatzen, nahiz eta orain nagusitan zientziak ere maitagarriak direla konturatu den.
• Euskal Filologiako lehen promozioko ikaslea, azken urteko ikasketak Koldo Mitxelena jaun txit jakintsuaren aurrean gainditu zituena.
• Baina hura ez zen bere ikasketen amaiera izan, aurreranzko bultzada bat baizik, geroztik ez baita egun bat bera ere izan zerbait gehiago ikasten saiatu ez denik. Eta ez ikasirikoa bere golkoan gordetzeko, lagun hurkoekin partekatzeko baizik, ez baitago ezer ederragorik elkarrekin egotea eta elkarrengandik ikastea baino.
• Beti ere euskararen eta euskal kulturaren inguruko lanbideetan ibilia: irakasle irakaskuntza ertainetan eta unibertsitate mailakoan; hizkuntza teknikari Administrazioan; eta idazle, itzultzaile eta argitaratzaile literaturan.
• Liburuetan den-dena maite du, tintaren usainetik hasi eta idazleak ezkutuan gorde nahi izan duen azken ñabarduraraino.
• Guztira, ehun bat liburutan parte hartu du idazle, egokitzaile, itzultzaile eta argitaratzaile moduan.
• Guztiak maite ditu, baina gehien-gehien lehena —San Braulioko eroa, euskara ikasleentzat idatzi zuen eleberri laburra, 35 urteren ostean oraindik ere irakurtzen dena— eta bere azken proiektua, bere proiektu kutttuna, hau da, TZ Testu Zaharrakizeneko sorta, bere kabuz eta diruz argitaratzen dituen liburu klasikoen bilduma.
• Gainera, bilbotarra naizenez gero, Gabriel Arestiren geografia fisikoan eta literarioan murgilduta egon naiz gaztetatik. Eta atxikimendu horrek, haren obra ezagutzera ez ezik, zabaltzera ere eraman nau denboraren poderioz. Horregatik izan nintzen Gabriel Aresti kultura elkarteko sortzaileetako bat 2013, eta geroztik makina bat hitzaldi eta ibilalditan parte hartuta nago.
