
Felix Arrieta Frutos, Deustuko Unibertsitateko Giza eta Gizarte Zientzietako fakultateko irakaslea eta gizarte zerbitzuetan aditua dena, joan zen azaroako 30ean, izan genuen Goienagusin hizlari, ‘Pandemiaren ondorengo zaintza eszenatokia’ gaiari helduta. Orain, ‘Zaintzaren hariak’ liburua argitaratu berri du Arrietak, eta zaintza sistema maizegi nolako «mataza» den azaldu du bertan, beste eredu bat lantzen hasteko deia eginez.
Liburua: ZAINTZAREN HARIAK
- Egilea:FELIX ARRIETA
- ISBN:978-84-1360-309-4
- EAN:9788413603094
- Argitaletxea:ELKAR
- Bilduma: EZTABAIDA
- Hizkuntza:Euskara
- Edizio urtea:2023
- Formatua:RUSTIKA
- Orri kopurua:92
- Neurria:215×140
- Prezioa: 11,50 €
Liburuaren sinopsia (Pilar Kaltzadaren Hitzaurretik)
‘Ez dago zaintzaren inguruan nahitaezkoa zaigun eztabaida baino auzi garrantzitsu eta premiazkoagorik gaur egun.
Pandemiak sozialki birdefinitu gaitu guztiak, eta bereziki adinekoak. Adineko gehienek zaintza gehiago eskaintzen dute (beren familian, maila komunitarioan eta abar luzean) sistema publikoari eskatzen diotena baino. Beren kontu-balantze soziala positiboa bada ere, autodeterminatzeko gaitasunik ez duten ‘egoiliar’ gisa definitu ditugu, zaindu beharrekoak, familian eta ingurunean betetzen duten funtzio sozialaz gabetuta, gastu-iturri gisa.
Adinekoen eta pertsona zaurgarrien zaintzaren 360 graduko bidaia egiten da ondoko orrietan, eta irakurleak askotan ikusiko du bere burua bertan islatuta, aurpegi desberdinetako edozeinetan: egoera horietako batean dagoelako bera edo hurkoren bat, edo noizbait halaxe egongo den ziurtasun osoa duelako.
Zaintza erdigunean jartzeko aldarria feminismoari zor zaio (hori ere bai). Ez da harrigarria, zaintza-lanen ardura emakumeen bizkar gainean baitago nagusiki, eta mendez mende iraun duen desberdintasunaren hezurdura osatzen du horrek, dela esfera pribatuan, dela publikoan.
Liburu honen asmoa gainditzen duen auzia da hori, dudarik gabe. Baina egileak ez dio bizkar eman, aitortzen du feminismoaren ekarpena, eta handik edaten jarraitzera gonbidatzen gaitu gizarte-zerbitzu publikoen berrantolaketa eskatzearekin batera.
Abiapuntu zintzoa, errespetuzkoa eta ezin egokiagoa iruditzen zait. Eskerrik asko horregatik ere, Felix.’
Liburuaren sinopsia (Mikel Iturria)
‘Nahi baino denbora gehiago joan zait lerro hauek idazten; besteak beste, liburu labur honen irakurketa nahi baino gehiago luzatu zaidalako. Interesgarria iruditu zait hainbat gairi buruz Felix Arrietak dioena Zaintzaren hariak liburuan.
1982an onartu zen EAEko Gizarte Zerbitzuen legeak (Nafarroan bi izan dira: 1983 eta 2006) eta lege horren arabera eskuduntzak bananduta daude Jaurlaritza, aldundi eta udalen artean.
2006an, Espainiako Menpekotasun Legea etorri zen, menpekotasunari lotutako dirulaguntza eta zerbitzuak eskubide izendatu zituena. Lege horretatik abiatuta erkidegoek eskubide subjektiboak jasotzen dituzten lege berriak onartu zituzten (EAEn, 2008an; Nafarroan, 2006an bertan).
Zaintza gero eta arazo handiagoa ari da bihurtzen Ongizate Estatuarentzat, are gehiago 2008ko krisiaren ondoren. Horrek «Estatuaren edo arlo publikoaren zentralitatearen galera dakar (…) merkatua da protagonista nagusi, Hirugarren Sektorearekin batera».
Estatua, merkatua, familia, hirugarren sektorea eta komunitatea dira baliabideak eskaintzen dituztenak zaintza beharrak asetzeko.
Arrietak 40 urteko langa gaindituta, uste du iritsi dela garaia indarrean ditugun gizarte zerbitzu eta Osakidetzako sistemak birpentsatzeko, hiru mailako administrazioen matazan erabat galduta baikaude herritarrak, besteak beste.
Hiru prozesu aurreikusten ditu: Legebiltzarreko, erakundeen arteko eta aktoreen arteko eztabaidak. Erakunde bakarraren esku uzteko eskumena; EAEn, Eusko Jaurlaritza izango litzateke erakunde hori.
Liburuaren azken atalean erronkei erreparatzen die:
- Generoarena da erronka nagusia. Arrietak dio mugimendu feministak badituela jada mahai gainean hainbat proposamen eta analisi.
- Bigarren aldagaia desfamiliarizazioa «Ezin ditugu belaunaldi gehiago kondenatu nagusien eta umeen zaintzaren arteko otarteko izatera».
- Erakundetze berria, lehen aipatutakoa.
- Guztia toki mailan gertatu behar da: «plaza publikoak errekuperatu behar ditugu (…) komunitateasortu».’