
70 lagun joan ginan, joan zan azaroak 27an, GOIENAGUSIko mendi irteerara. Ez gara inoiz hainbeste lagun joan. Gero eta famili handiagoa gara. Honek, antolatzaileondako, erronka izugarria suposatzen du, zeren ezingo da beti posible izango hainbeste jende joan (autobusa, jatetxea, …). Baina tira, ahaleginduko gara.
OKETA mendi tontorrera egin genuen txangoa oraingoan. Aurreko egunetako eguraldia ikusirik, beldurra ematen zuen mendira joatea. Baina azkenean nahiz eta giro freskoa egon, aterri egin zuen, eta une batez ere, izan genuen puntako bistaz gozatzeko aukera, lainoa sartu zen arte.
Ibilbidea Gorostizan hasi genuen, Araban, eta lehenengo pausoak harizti eder batetik izan ziren. Handik gutxira, pagadi ikusgarri batean sartu giñan. Bertan Zizkiñoko pagoa bezala ezagutzen den pago motza ikusi genuen, ikaragarri handia, ederra. Handik Zizkiñoko txabolara, eta pagadiko pistatik aurrera eginaz, Oketa tontorrera. Azkenengo maldak gogortsuak izan ziran, baina tira, portatu ginan. Eguraldiak ez zigun gehiegi lagundu, nahiz eta ez zuen kexatzeko eguraldirik egin, ez genuelako izan Oketak eskaintzen duen bista osoaz gozatzeko aukera: Gorbeia ingurua lainoz estalita zegoen, urruneko mendiak ez ziren ikusten (Pirinioak, San Lorenzo, …), baina artean ere, bista politak izan genituen.
Beherako bidean, pagadian sartu ginan berriz, eta Zizkiñon beste geldiune bat egin genuen, gerra zibileko bataloi diziplinarioko leize-zuloa ikusteko. Hemen, ibilbideko hainbat lekutan bezala, Gidor Bilbao gure bazkidearen argibideak entzun genituen. Eta hau aberasgarria da, hitzaldietan ez ezik, mendi irteeretan ere ikasten dugulako.
Ibilbidea Ubiden bukatu genuen, Bizkaiko lehenengo herrixka Gasteizko errepidetik abiatuta.
Bazkaria Gopegiko Artzegi jatetxean egin genuen, eta apur bat kantatu eta gero, etxerako bidea hartu genuen.
Abenduan ez dugu irteerarik egingo, Gabonak direlako. Goza ezazue guztiok giroaz, nahiz etxekoekin, nahiz urruneko bidaietan. Gu urtarrillean itzuliko gara. Apotzagako inguruak ezagutuko ditugu orduan. Eta jakin inork Oketako ibilbide hau bere kabuz egitea nahiko balu, eguraldi hobeagoa aprobetxatuz, tracka gure webgunean daukazuela, edo HEMEN baita.





