
- 2026.05.19
PASAIAra egindako gaurko txangoarekin amaiera eman diogu ikasturte honetako irteerei, eta egia esan, egun zoragarria igaro dugu.
Goiza oso interesgarria izan da. Lehenik, MATER itsasontzira egin dugun bisitan, arrantzaleen bizimodua eta arrantza egiteko moduak gertutik ezagutzeko aukera izan dugu. Hemendik aurrera, segur aski, hegaluze bati beste begi batzuekin begiratuko diogu… eta pentsatuko dugu zenbat lan eta ahalegin dagoen arrain bakar bat harrapatzeko! Gero, DONIBANEko gune zaharretik, egin dugun ibilaldi gidatua oso aproposa izan da, bertako txoko bitxi eta politak ezagutzeko eta herriaren bilakaera historikoa ulertzeko. Giro ederrean ibili gara bertako kale estuan zehar pasiatuz.
Ontziola Jatetxean bapo bazkaldu eta gero, arratsaldean, batzuk Jaizkibel inguruko ITSAS BIDAIAz gozatu dugu, lasai-lasai eserita, paisaia ederrez inguraturik. Beste batzuk FAROAK ikusteko ibilaldia egin dute. Bistak ikusgarriak omen ziren, nahiz eta bazkalostean hainbeste eskailera igotzea pixka bat gogorra egin zaien. Hala ere, txalo handi bat beraientzat, benetan ausartak izan direlako!
Eskerrik asko guztioi ikasturte honetan partekatutako momentuengatik. Elkarrekin bizitako egun hauek oroitzapen politak utziko dizkigute.





