
Goienagusiren batzar orokorra astelehenean egingo dute
Gorrotxategi Txokolate Museora egindako irteeran.
Debagoienean jarduten duen Goienagusi kultur elkarteak ohiko batzar orokorra deitu du astelehenerako. Kulturaten batuko dira elkarteko kideak, eta han, 2022. urteko ekitaldia eta 2023ko plangintza aztertuko dituzte, besteak beste.
Lehenik eta behin, 2022ko kudeaketa txostena eta urteko kontuak aztertu ondoren, onartzera eramango dira. Hala ere, aurreratu dutenez, balorazioa positiboa izan da, eta aurtengo ikasturterako planteatutako ildo nagusiak edo erronkak baloratuko dituzte. Hori izango da gai nagusia. “Eskualdeko izaera indartzea ezarri genuen erroka nagusi moduan, eta hamabost egunean behin Oñatin hitzaldiak antolatzen hasi ginen. Batzar orokorrean ez dakit nola ikusiko duten elkartekoek, baina lau bazkidetik 24ra iritsi gara Oñatin ikasturte honetan. Horrekin batera, juntako kideak batzordeetan banatzeak funtzionatu egin duela adieraziko dugu. Zortzi batzordetan banatuta, bakoitzean lau edo bost pertsona gaude, eta gero, horien koordinazioa dugu juntan; konturatu gara hobeto funtzionatzen dugula. Azkenik, gure elkartea bisibilizatzea ere bagenuen zehaztuta, eta horretan ere ari gara”, aurreratu du Rosa Urretak, Goienagusiko presidenteak.
Aurrera begirakoak zehaztuta
2023ko ekitaldira begira ere Zuzendaritza Batzordeak aurkezten duen plangintza orokorra ikusi eta batera doazen sarreren eta gastuen aurrekontua eta urte osoko kuota ezartzea proposatuko dute: “Ikasturtea amaitzeko esku artean ditugu astelehenetako eta asteazkenetako hitzaldiak, idazketa tailer bat, Wikiloc tailerra, baita zenbait irteera ere; tartean, Iparraldera bi eguneko irteera. Azken hori, ekintza berezi moduan. Aurrera begira, berriz, Oñatin hasi ditugun hitzaldiei jarraipena eman edo ez zehaztuko dugu; galdetegi bat ere ezarriko dugu intereseko gaiak batzeko, eta, bereziki, partaidetza bultzatuko dugu, eskualde izaera zabalduz”, adierazi du Urretak.
Mahaikide berriak
Amaitzeko, Zuzendaritza Batzordean mahaikide berriak izango diren hautagaiak aurkeztu eta baieztatuko dituzte. Iaz 215 lagun ziren, eta gorakada izan du elkarteak; izan ere, aurten 240 lagunek osatzen dute Goienagusi. “Lau irtengo dira, lau sartu eta lau geratu. Hala, bi urteko zikloari amaiera emateko”. Batzarraren ondoren mokadutxo bat elkarrekin partekatzeko aukera izango dute elkartekideek.
Goienagusik Ohiko Batzar Orokorra egingo du astelehenean
Goienagusik Ohiko Batzar Orokorra egingo du martxoaren 27an, 10:00etan, Arrasateko Kulturaten, 2022ko ekitaldia aztertu eta 2023rako kudeaketa-plana aurkezteko.
Lehenik eta behin, 2022ko kudeaketa-txostena eta urteko kontuak aztertu ondoren, onartzea planteatuko da.
Bestalde, Zuzendaritza Batzordeak 2023ko ekitaldirako aurkezten duen plan orokorra aztertuko da, eta diru-sarreren eta lotutako gastuen aurrekontua onartzea proposatuko da, bai eta dagokion urteko kuota ezartzea ere.
Amaitzeko, datorren ekainetik aurrera Zuzendaritza Batzordeko kide berri izendatu beharko diren pertsonen hautagaitzak aurkeztuko dira.
Testuinguru horretan, Goienagusiko kideek posta elektronikoz jasoko dituzte deialdia, gai-zerrenda eta martxoaren erdi aldera bilera horri lotutako gainerako agiriak.
Batzarraren ondoren luntx txiki bat partekatzeko aukera izango dugu.