
- Ikastaroa UPV/EHU Uda Ikastaroak Fundazioak antolatuta, Irailaren 14an eta 15ean ospatuko da Donostiako Miramar Jauregian.
Nazio Batuen “Munduko populazioaren aurreikuspenak 2019” txostenaren datuen arabera, 2050ean munduko sei pertsonetatik batek 65 urte baino gehiago izango ditu (% 16), 2019ko proportzioa gaindituta: 11 pertsonetatik 1 (% 9). 2018an, historian lehen aldiz, mundu osoko 65 urteko edo hortik gorako pertsonen kopuruak 5 urtetik beherakoen kopurua gainditu zuen. 80 urteko edo hortik gorako pertsonen kopurua hirukoiztu egingo da 2050ean. Gure inguruan, fenomeno honek garrantzi berezia du: gaur egun, Euskadiko herritarren % 22,5ek 65 urte baino gehiago dituzte, eta kalkuluen arabera, 2040an % 33 izango dira.
Herrialde garatuetako biztanleriaren zahartzea XXI. mendeko gizarte eraldaketa adierazgarrienetako bat bihurtzear dago. Ondorioak gizartearen sektore guztietara zabalduko dira, baita gure jarduerak egiten ditugun eremu fisikora ere: hiri inguruneak, eraikinak eta etxeak, garraioa, etab. Egoera horri aurre egiteko, egokitu egin behar dira hiri ingurunea eta praktika arkitektonikoak, kontuan izanik sistematikoki honako hauek bezalako irizpideak: pertsonen autonomia, segurtasuna, zaintza, gizarte integrazioa eta bizikidetza, irisgarritasuna espazio guztietan, adimena soluzioetan eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak.
Uda ikastaro honek aztergai izango du biztanleriaren zahartzea ikuspegi sozial, urbano eta arkitektoniko batetik, aintzat harturik diziplina osagarrien ekarpenak. Hiri eskalatik hasi eta etxebizitza eskalaraino, ikusiko dugu zeintzuk diren zahartze prozesua oztopatzen duten premiak eta faktore sozioekonomikoak eta genero alorrekoak, adin tarte horretako pertsonen eta, horren bidez, gizarte osoaren bizi kalitatea hobetzera bideratutako neurri posibleak aztertzeko, aintzat harturik bizi zikloak.