FELIX ZUBIA: Loezina eta loaren apneak

  • 2024, APIRILAK 29, astelehena
  • 10:00
  • Kulturate – ARRASATE

Hitzaldia: LOEZINA ETA LOAREN APNEAK

Loezina edo insomnioa oso ohikoa da, mundu guztiko pertsonen artean, %40 ingururi eragiten dio. Lo hartu ezina, goizegi esnatzea, edo biak eragiten ditu, eta eguneroko bizitzari eragiten dionean bihurtzen da osasun arazo: egunez nekea, logura, suminkortasuna, depresioa…

Loa oso fenomeno bitxia da, animali espezieen artean oso aldakorra, eta oraindik ere ondo ulertzen ez duguna. Badakigu bizitzeko beharrezkoa dela, eta garunean daukagun erloju biologikoak erregulatzen duela. Adinarekin gorputzaren erritmoak aldatzen dira, baina ez dago garbi horrek insomnioa eragiten duenik.

Loezinak eragile asko izan ditzake: estresa, lan-txandak, loaren ohitura txarrak, gaixotasun psikologikoak, botikak… Garbi bereizi behar dugu arazo bakarra den, ala gaixotasun konplexuago baten sintoma bat, antsietatea edo depresioa esaterako. Berari kontra egiteko loaren higienerako neurri orokorrak ditugu, ariketa fisikoa egitea, eta larriagoa bada, psikoterapia eta medikazioa.

Loaren apnea gauez gertatzen den arnasketaren etena da, errepikakorra, etengabe esnatu eta atsedena galarazten diguna. Obesitateari loturiko gaitza da, geroz eta gehiago ematen dena, eta egunez nekea eta akatsak eragiten dituena. Konpontzeko argaltzea da lehen neurria, eta presio positiboko gailuak erabiltzea.

Hizlaria: FELIX ZUBIA. Zarautz, 1974.

– Medikuntza eta Kirurgian lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean, 1998an. Medikuntza eta Kirurgian doktore, 2009an. Ikerketaren gaia: Pankreatitis akutuaren konplikazio infekziosoak.

– Medikuntza Intentsiboan espezialista, 2004tik. Donostialdea ESIko Zainketa Intentsiboen Unitateko mediku, 2004tik. Zerbitzu honetako buru, 2020ko abendutik.

– Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza fakultateko irakasle laguntzaile, 2006tik, Medikuntzako Sailean.

– 35 argitalpenetik gora, nazioarteko aldizkarietan. 6 doktorego tesiren zuzendari. Ikerketa lerroak: pankreatitis akutua, paziente politraumatizatuak, miokardioko infartu akutua.

– Gurutze Gorriko boluntario, 1995etik.

– Hainbat komunikabidetan kolaboratzaile: Euskadi Irratia, Argia, Elhuyar… Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioaren aurkezle. 2020ko Rikardo Arregi kazetari onenaren sariaren irabazle.

 

 

Ekitaldiaren xehetasunak