“Izotz ondoko eguzki” Euskararen Historia Soziala Bergaran, 1940tik 1980ra

  • Abenduak 14, eguaztena
  • 10:00
  • Seminarixoa – BERGARA

Juan Martin Elexpuru Arregi (Bergara, 1950) idazlea eta itzultzailea da. Filosofia eta Euskal filologiako ikasketak egin zituen, eta 1976tik 1996ra irakasle izan zen Bergarako UNEDeko Euskara Sailean. Urte hartan “Bergara aldeko lexikoa” izenburuko doktorego- tesia aurkeztu zuen EHUn Ibon Sarasolaren zuzendaritzapean. Idazle gisa, hainbat generotako lanak argitaratu ditu: narrazioa, haur literatura, saiakera, itzulpena… Eta herri-hizkera jaso eta zabaltzeko egindako hainbat lanen bultzatzaile eta zuzendari ere izan da: Bergarako Euskera (1988), Bergara aldeko berbak eta langintza zaharrak eta abar.

Anaje Narbaiza Aldai, (Bergara, 1960). Ingenieritza tekniko mekanikoko ikasketak egin zituen eta bere ekarpenik handiena enpresa munduan euskararen normalizazioa bultzatzen egin du, Elay enpresatik abiatuta. Bertan, 1987an, enpresan lana euskaraz egiteko egitasmoaren sortzailea izan zen. Horretaz gain, euskararekin eta euskal kulturarekin lotutako beste hainbat proiektu eta elkartetako partaide eta bultzatzaile ere izan da: Euskal Herian Euskaraz, Kapirixo elkartea eta abar.

Idoia Etxeberria Elortza (Oñati, 1977). Kazetaria eta idazlea da. Idazle gisa hainbat genero landu ditu: narrazioa, antzerkia… 2009tik Badihardugu euskara elkartean egiten du lan, Euskal Herriko Ahotsak eta 101 ele proiektuetan. Elkarrizketak egiten ditu, bideoan, eta baita ikus-entzunezkoen gidoiak ere, jasotako testigantzak oinarri hartuta. Berak egin ditu aztergai dugun proiektu honetako elkarrizketak eta horietatik sortutako ikus-entzunezkoa ere. Hiru hizlariak proiektua lantzeko sortutako lantaldeko kide dira.

 

HITZALDIA

“Izotz ondoko eguzki. Euskararen Historia Soziala Bergaran, 1940tik 1980ra”

Bergarako Udalak orain dela bi urte ekin zion herrian euskarak izan duen historia soziala jasotzeko proiektu bati. Egitasmoaren lehenengo fasean gerra ostetik trantsiziora bitarteko epea (1940-1980) aztertu da. Horretarako, besteak beste, orduko euskara eta kultura mugimenduan parte hartze zuzena izan zuten 26 lagun elkarrizketatu dira Badihardugu elkartearekin lankidetzan.

Hitzaldian, beraz, proiektuaren berri emango da eta goian adierazitako epean euskarak izandako atzera-aurrerak aztertuko dira: frankismoaren lehen hamarkadetan izan zen hutsunea eta ezina, eta 60ko eta 70eko hamarkadetan euskalgintzan eta kulturgintzan sortutako mugimendu bizia.

Amaitzeko, entzuleen testigantzak jasotzeko tartea zabalduko da.

Ekitaldiaren xehetasunak