SAIO POETIKOA MIREN AGUR MEABE IDAZLEAREKIN

    • MAIATZAK 22, astelehena
    • 10:00
    • Kulturate – ARRASATE

SAIO POETIKOA 

‘Begiak zerumugan’ liburuaren egitura eta gakoak azalduko ditu Miren Agur Meabe idazleak eta hainbat poemen irakurketarekin gozatzeko aukera bikaina izango dugu.

MIREN AGUR MEABE, IDAZLEA

Miren Agur Meabe Plaza (Lekeitio, 1962). Helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du.

Kritikaren saria jaso zuen 2001ean eta 2011n, Azalaren kodea eta Bitsa eskuetan poema-liburuengatik; eta Euskadi saria hiru aldiz Itsaslabarreko etxea (2002), Urtebete itsasargian (2006) eta Errepidea (2011) gazte-nobelei esker. Kristalezko begi bat nobelak eta Hezurren erretura ipuin-bildumak kritikaren eta irakurleen harrera beroa izan zuten. 2020an argitaratu zuen Nola gorde errautsa kolkoan poema-liburua, Espainiako Poesia Sari Nazionalaren irabazlea.

Han-hemengo nazioarteko topaketetan parte hartu du.

Literatur itzulpengintzan ere aritzen da. Besteak beste, Forough Farrokhzad poeta irandarraren edota Skolastique Mukasonga ruandarraren obra ekarri ditu euskarara.

Euskaltzain osoa da 2022ko otsailetik.

‘BEGIAK ZERUMUGAN’ liburuaren sinopsia

Urteak bete arren, adinez zahartu gabe, haurtzaroko  ahotsei, soinuei, paisaiei antzematen jarraitzen dieten irakurleei idatzi dizkie poema hauek Miren Agur Meabek. Haize-arrosa batek gidaturiko bidaia proposatzen digu, bidean aurkezten duen paisaia oro sentimendu bihurtuz. Jolas batean bezala, poemetako bakoitzari darion musikari jarraituz, osatuko du irakurleak poema-liburu honen pentagrama, behin eta berriz irakurria izan dadin, eta musikak harrapatuta, doinu ezti eta askeek liluratuta, eramango dute irakurlea azken poemaraino. Miren Agur Meaberentzat, zerumugari begiratzea abiatzeko bultzada izan daiteke. Ane Pikazarentzat, bere zerumuga amaierarik ez duen mundu onirikoan dago. Biak ala biak aske eta eskutik ibili dira liburu honetan, iluntasunetik argitasunera eraman dituen zerumugako bidearen zati batean.

Ekitaldiaren xehetasunak