Urtarrilaren 20an Arrasateko Zuhaitz Eguna egingo da

Urtarrilaren 20an Arrasateko Zuhaitz Eguna egingo da, ohiko zuhaitz azokarekin eta Etxezarretan 1.621 zuhaitzen landaketarekin.

Landaketan parte hartu nahi duten herritarrek aldez aurretik eman behar dute izena 943 25 20 05 telefonoan.

Albistearen iturria: ARRASATEKO UDALA

Egun seinalatua aprobetxatuz, Arrasatek, urtarrilaren 20an ospatuko du XI. Zuhaitz Feria. Arrasateko Udalak antolatuta, aurten, ohi bezala, zuhaitz feria eta zuhaitz landaketa egingo dira. Arrasateko zuhaitz eguneko feria edizioz edizio egonkortzen eta indartzen joan da, urtez urte erreferentzialtasuna irabazten.

Egonkortze horretan, oso lagungarria izan da zuhaitz landaketa herrikoia. Izan ere, azken urteetan ehunka zuhaitz landatu dira Arrasaten, bilatuz herritarren parte hartzea eta naturarekiko konpromisoa. “Ezinbestekoa da gizakiak eragindako aldaketa klimatikoari esparru batetik baino gehiagotik eragitea, baita biodibertsitatearen eta basogintzaren eredutik ere. Horregatik, Zuhaitz Egunean egiten den landaketa herrikoia da etorkizunera begirako herrigintza ariketa arduratsua, herrigintzatik egin daitekeenaren erakusle delarik”, Garazi Etxeberria Udaleko Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak nabarmendu duenez.

Sei mintegik hartuko dute parte ferian

Aurtengoa Zuhaitz Feriaren XI. edizioa izango da eta, ohi bezala, mintegiek Seber Altube plazan jarriko dituzte postuak 08:00etatik 14:00etara, bertako produktuen azokarekin batera, hileko hirugarren zapatuan egiten dena. Aurten parte hartuko dute sei mintegi hauek: Areitio (Zaldibar), Belar (Zaldibar), Etxeberria (Gatika), Lurberry (Zarautz), Ekoudalatx (Arrasate) eta Euskal Herriko hazien sarea (Gasteiz).

Bertaratzen direnek erosi ahal izango dituzte fruta arbolak, koniferoak, basoko landare autoktonoak, lorategiko landareak, eta basoko fruitu txikiak zigilu ekologikoarekin; gainera, bi zuhaitz sorta zozketatuko dira erosleen artean.

1.621 zuhaitz inguru landatuko dira Etxezarretan

Zuhaitz Eguneko ekitaldi nagusia zuhaitz landaketa izan ohi da. Herrigintza ariketa horrek, urtez urte, geroago eta herritar gehiago bereganatu du zuhaitz landaketa egitera; horregatik, aurten, 1.621 zuhaitz enkargatu dira Etxezarretako herri lurretan landatzeko. Egunean bertan guztiak landatzea lortzen ez bada, hurrengo astean landatuko dira, Gipuzkoako Aldundiaren programa bati esker. 1,5 hektareako azalera prestatu da aurtengo landaketarako eta, froga bezala, mintegitik ekarritako tamaina txikiko landareak (30-40 cm) landaketa marko estuan landatuko dira.

Goizeko 10:00etan hasiko da eta parte-hartzaileak Musakolako San Isidro elizatik abiatuko dira. Landaketa eguna amaitzean lunch txiki bat egongo da. Parte hartu nahi duten herritarrek 943 25 20 05 telefonoan eman behar dute izena. Gomendatzen da gomazko katiuskak eramatea.

Herri lurretan biodibertsitatea zaintzea helburu

Azkeneko urteetan hainbat Zuhaitz Egun ospatu dira, eta horri esker ehunka  lizar, gaztainondo, haritz eta intxaurrondo landatu dira Garagartza, Kurtzetxiki, San Balerio,  Hidalgobaso eta Antoniñako herri lurretan.

Laugarren urtez erabaki da zuhaitz landaketa Etxezarretan egiten jarraitzea, izan ere, Arrasateko Udalak, 2019. urtean erositako 83 hektareako lursail horretatik 63 hektarea, gutxi gorabehera, pinudia izandakoa zen.

Etxezarreta parkea Arrasateko ekialdean dago, Musakola auzoan. Garrantzi handia dauka biodibertsitatearen ikuspegitik, eta egindako biodibertsitate azterketa batek ondorioztatu zuen birsortze natural oso ona duela. Azterketa horrek azaldu zuen ere eremu batzuetan harizti kantauriarrari lagundu behar zitzaiola eta, horregatik, azken urteetan haritzak eta hariztietan sortzen diren beste hostozabal batzuk landatu dira.

Aurtengo edizioan, askotariko espezieak landatuko dira. Honako espezie hauek landatzea aurreikusten da: 406 haritz (Quercus robur), 243 gaztainondo (Castanea sativa), 324 otsalizar (Sorbus aucuparia), 243 gorosti (Ilex aquifolium), 243 elorri (Crategus monogyna) eta 162 zuhandor (Cornus  sanquinea).