Quiénes somos

Goienagusi Kultur Elkartea

Goienagusi Debagoienan jarduten duen irabazi asmorik gabeko kultur elkartea da. 2011. urtean sortu zen eta, gaur egun, ia 350 bazkide ditu, eskualdeko herri guztietan barreiatuak. 55 urtetik gorako edozein pertsona izan daiteke bazkide.

Helburuak

Gure xedea pertsona nagusiei topagune bat eskaintzea da:

  • Ezagutzak zabaltzeko.
  • Gaitasun intelektualak trebatzeko.
  • Aisialdiaz gozatzeko.
  • Osasun fisikoa eta psikikoa zaintzeko.
  • Lagun-arteko harremanak sustatzeko.

Modu horretara, zahartze prozesu hobea eta luzeagoa, aktiboagoa, osasungarriagoa, kulturalagoa eta parte hartzaileagoa edukitzeko.

Jarduerak

Bere helburuak betetzeko, GOIENAGUSIk honako jarduera hauek egiten ditu gaur egun:

Hitzaldiak:

  • Ikasturte osoan zehar, urritik eta maiatzera bitartean, biak barne, 50 prestakuntza-saio (Hitzaldi) antolatzen ditugu, astelehen eta eguazten guztietan, Arrasateko Kulturateko Areto Nagusian, Bergarako Seminarixoan edo Oñatiko Santa Ana Antzokian.
  • Horietan, Unibertsitateko Irakasleek, edo-eta arlo zehatzetan adituak diren pertsonek, gai desberdinei (Historia, Literatura, Zientzia, Teknologia, Arteak, Euskal Kultura …) buruzko hitzaldiak jorratzen dituzte, euskeraz edo/eta gazteleraz. 
  • Bestalde, saio gehienak streaming bidez hedatzen dira, nahi izanez gero bazkideek etxetik jarraitu ahal ditzaten.
  • Ikasturte akademikoko hitzaldi batzuk irekiak izaten dira bazkideen senide eta/edo lagunentzat.

(Agiria: 2021-2022 ikasturteko 1. hiruhileko Hitzaldien zerrenda)
(Agiria: 2021-2022 ikasturteko 2. hiruhileko Hitzaldien zerrenda)
(Agiria: 2021-2022 ikasturteko 3. hiruhileko Hitzaldien zerrenda)

(Agiria: 2022-2023 ikasturteko Hitzaldien zerrenda)

Ikastaroak eta tailerrak:

  • Pertsona kopuru mugatu batentzat (10-20 tartean) antolatzen dira. Gai bereziak jorratzen dira, sarri modu praktikoan eta parte-hartzailean. Iraupena 4tik 10 ordura artekoa izan ohi da, gehinetan, eta hainbat egunetan luzatzen da.  

Bisitak:

  • Hilero, bisitak antolatzen ditugu erakunde erakunde, enpresa, museo eta abarretara, talde txikietan. Horietatik, hiru hilean behin, Euskal Herriko ingurune naturala, artistiko, industriala eta museistikoak ezagutzeko txangoak ere antolatzen dira.

Ekitaldi eta ikuskizun artistikoak:

  • Urtean zehar hainbat alditan euskal hiriburuetara bidaiak antolatzen dira musika, dantza, antzerki eta bestelako ikuskizun handietara joateko. Ekitaldi hauek irekiak izaten dira bazkideen senide eta/edo lagunentzat.

Mendi ibilaldiak:

  • Hilean behin mendi irteerak antolatzen dira, Euskal Herriko hainbat mendi inguruetara. Mendian ibiltzea da gure xede, paisaiak gozatuz, ez espreski mendi tontorra egitea.

Ospakizunak:

  • Hala nola, Ikasturte hasierak eta amaierak, gabon aurreko luntxa, eta abar. Leku ezin hobea bazkideak elkar ezgutzeko eta berriketan aritzeko.

Antolamendua

Honako hauek dira gure funtzionamendu organoak: Bazkideen Batzarra eta Zuzendaritza Batzordea.

Bazkideen Batzarra, gutxienez urteko lehenengo hiruhilekoan elkartzen da Ohiko Batzarrean, Zuzendaritza Batzordeko kideen hautaketa onartzeko, eta Urteko Ekintza Plana ezagutzeko eta onartzeko, aurrekontuaz batera.

Zuzendaritza Batzordea Elkartearen interesak kudeatzen eta ordezten dituen ordezkaritza organoa da. Hilean behin biltzen da. Honako hauek dira gaur egungo kideak:

  • Lehendakaria: Sofia Perez (Arrasate)
  • Lehendakari ordea:  Jesus Mari Elkoro (Arrasate)
  • Idazkaria: Noel Meabe (Aretxabaleta)
  • Diruzaina: Agustin Urzelai (Oñati)
  • Bokala: Enrike Blazkez (Oñati)
  • Bokala: Mari Mar Ortiz (Bergara)
  • Bokala: Mari Karmen Belategi (Bergara)
  • Bokala: Iñaki Leizeaga (Bergara)

Lan-batzordeak

Lan-batzordeen zeregina da jarduera zehatzen antolaketaz eta kudeaketaz arduratzea, beti ere Zuzendaritza Batzordearen gainbegiradapean.

Gaur-gaurkoz, sei dira, esan daiteke, jardunean diren lan-batzordeak:

  1. Komunikazioa (Jardueren informazioa gertatu, webgunea mantendu, argazkiak gorde, e.a.).
  2. Hitzaldien programazioa.
  3. Mendi irteerak.
  4. Bisitak.
  5. Ikuskizunak.
  6. Ikastaroak.

Bazkide egitea

GOIENAGUSIREN BAZKIDE IZAN NAHI DUZU?

Edozein izan daiteke Goienagusiren bazkide. Nahikoa da 55 urte beteta izatea eta urteroko kuota (orain 40 €) ordaintzea. 

Izena emateko, eskabide-orria bete behar da eta -argazki bat eta NANaren fotokopiarekin batera- , helbide elektroniko honetara bidali (goienagusi@gmail.com) edo Zuzendaritza Batzordeko edozein kideri eman.

Eskabide orria menuko BAZKIDETU atalean dago ikusgai, baita inprimakia deskargatzeko aukera.

Harremanetarako

Edozein informazio jasotzeko, edo behar duzuna adierazteko, jar zaitez harremanetan gurekin, mezu bat bidaliz helbide elektroniko honetara: goienagusi@gmail.com , edo idatziz posta helbide honetara:

GOIENAGUSI Kultur Elkartea
K/ Nafarroa Etorbidea, 23-1º
(Posta Kutxatilla: 4 zenbakia)
20500 – ARRASATE (Gipuzkoa)

Hitzaldiak
Ikastaro eta tailerrak
Bisitak
Txangoak