ITZIAR NAVARRO: Bizkaiko abendu-errondak

  • 2026, ABENDUAK 9, eguaztena
  • 10:00
  • Santa Ana – OÑATI

GAIA

Bizkaiko abendu-errondak

Bizkaiko hainbat herritan (Ea, Lekeitio, Ibarrangelu, Iurreta, Gernika-Lumo…) erro sakonak dituzte abenduko erronda edo marijesiek. Funtsean, Gabonetako koplak kantatzeko biltzen dira herritarrak, gaur duela ehun urte bezala (kopla horietako batzuk 1699an argitaratu ziren, Mexikon!). Baina ertz askotako tradizioa da, izan ere, urteekin kantarien profilak eta motibazioak ugaritu egin baitira, eta hitzak, doinuak eta kantaerak moldatu. Tradizio horren inguruko diskurtsoen eta praktiken bilakaera ikertu du Itziar Navarrok bere doktore-tesian, eta hitzaldian kontatuko digu Bizkaiko herri horietan ezagutu eta aztertu duena, tradizio guretzat ez hain ezagunaren berri emanez.

HIZLARIA

Itziar Navarro Ibañez (Donostia, 1991)

Itziar Navarro musikaria eta musikologoa da. Goi Mailako gitarra ikasketak egin zituen Musikenen eta Kultur Musikologiako masterra Göttingenen (Alemania). 2017an, Oiartzungo bertsolarien kantaera aztertu zuen master lanean, Mikel Laboa Katedrak lagunduta. 2024an, Bizkaiko abendu-errondei buruzko doktoretza-tesia aurkeztu zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Egun Santa Ageda errondak ikertzen ari da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez. 2017az geroztik, Soinuenean lanean ari da, Juan Mari Beltranek zuzentzen duen herri-musikaren dokumentazio-zentroan. Musikenen Etnomusikologiako klaseak ematen ditu, Euskal Musika Tradizionala graduondokoan. 2021etik Bertsozale Elkarteko Doinutegi Batzordeko kide ere bada

 

Ekitaldiaren xehetasunak